Lauburu Ibarra Mahalak 5-1eko emaitzarekin irabazi zion egungo liderra den Xota taldeari, eta puntuak gehitzen jarraitzen du seigarren astez jarraian. Moratuek partidu honen garrantziaz eta bisitarien potentzialaz jakitun ziren eta partidu oso ona egin zuten alderdi defentsiboen ikuspuntutik. Bisitariek hasieratik bukaera arte borrokatu zuten, eta porrota garesti saldu zuten, baina igande goizean ibartarrak nagusitu ziren nafarren aurrean.
Norgehiagoka sutsu hasi zen, bi taldeen aldetik bertikaltasun handiarekin. Etxekoek, sakoneko mozketak eginaz, bizkarrez irabazteko xedearekin eta bisitariek berriz, 1x1eko ekintzak eta 2x2ko ekintza konbinatuak egiten saiatzen, pareta motzak eta nagusitasun espazialak irabazi nahian. Baloiaren jabe izatea gustuko duten bi taldeen arteko borroka taktiko bikaina ikustekoak ginen. 2:40 minutuan, Aitor Sanchezek bisitarien zesio bat aprobetxatu eta Lauburu Mahala markagailuan aurreratu zuen.
Aitor Arevaloren taldeari aldeko jarri zitzaion norgehiagoka; jokalariek alderdi defentsiboetan agresibo eta errotazio motzekin jokatzen ari zirenez, erritmo biziko partidua izatea eskatzen zuen, bai defendatzeko garaian baita erasoan ere.
Neurketa ikusgarria, elektrikoa, ia arnasa hartzeko betarik gabe; jokalariak ekintza guztietan limitera iritsiz eta esfortzuan solidario. Kategoria honetako benetako partidu bat. Bederatzigarren minutuan, Aitor Gurrutxaga “Gurru”k 2-0ekoa egin zuen, bigarren zutoinean alderatze bat jaso ostean eta taldeko konbinazio ikusgarri baten ondoren. Gidoiak berdin jarraitzen zuen eta bi taldeak partiduan erabat murgilduta zeuden, inork ez baitzuen baloia galdutzat eman nahi eta azkenekoa balitz bezala borrokatzen zuten bakoitza.
Alvaro 3-0ekoa egiteko zorian egon zen, bera eta Paulen arteko trantsizio bikain baten ostean, baina ez zuten Irurtzungo atezaina gainditzea lortu. Lehenengo zatiaren amaierarako bi minutu eskas geratzen zirela, Gurruk, Asier Colasek sakonean egindako pase bikain bat aprobetxatu eta 3-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Honela iritsi ziren atsedenaldira
.
Bigarren denboran, nafarrek 30 metrotan markatzen zuten, oldarkor. Hasieran etxekoak deseroso egon ziren, baloia atzetik ateratzean, baina seigarren minutuan Asier Aierbek lehenengo lerroan ostutako baloi batekin 4-0ekoa egin zuen. Gol honek min handia egin zuen aurkariaren taldean, eta bi minutu beranduago Paulek 1×1 bat bikain amaitu ondoren 5-0ekoa egitea jasan behar izan zuten.
Jokatzeko 11 minutu oraindik. Moratuek defentsa gogor bat ezarri zuten, arnasa hartzeko betarik eman gabe aurkariari. Intentsitate honen ondorioz, bost falta pilatu zituzten partida amaitzeko 6 minutu geratzen zirelarik.
Bisitariek falta bat ahalbidetu zuten bi minutu beranduago eta penalti bikoitza botatzeko aukera izan zuten. Xotak ez zuen hutsegin eta 5-1ekoa ezarri zuen markagailuan. Partiduaren amaieraraino mantendu zen emaitza bera, ibartarren defentsa bikainak markagailua mugitzea galarazi baitzuen.
Amaieran, Ibarrako entrenatzaileak honela zioen: “Defentsan desoreka bilatzeko erraztasuna duen talde baten aurrean, oso partidu osoa egin dugu arlo defentsiboan, eta golerako aukera gutxi eskaini diogu. 40 minutuetan jokalariek egin duten esfortzuagatik eta defentsan erakutsi duten elkartasunagatik zoriondu nahi ditut. Bisitariak oldarkor jokatzearen ondorioz, baloiarekin ohi baino zehaztugabetasun handiagoa izan dugu gaur, baina lehenengo lerroan triangelatzea lortu dugun momentuan baloi onak irabazi ditugu bizkarrean, eta gainera gol izaten amaitu dute. Bide onetik goaz eta lanean jarraitu beharra daukagu, hobetzeko tartea handia baita oraindik”.