Pasa den larunbatean, hilak 19an, gure lehenengo taldeak 2017-2018ko Ligarako prestaketaren baitan bere lehenbiziko lagunartekoa jokatu zuen. Nafarren aldeko 6-2ko emaitzarekin amaitu zen neurketa, eta aurreneko zatian erabaki zen, San Juan taldea kontzentratuago eta biziago atera baitzen.
Bi taldeak defentsak altu ipiniz hasi zuten partida, jokoari ikusgarritasuna kenduz eta baloiaren jabetza-denbora gutxituz. Defentsan bizi egon zen San Juan taldeak lehenbiziko zatiaren erdialdera 3-0eko emaitza egitea lortu zuen, horietatik bi, Ibarrak baloia ateratzean birritan galdu ostean eta hirugarrena falta zuzen baten ondorioz. Hortik aurrera indarrak asko berdindu ziren: lehenengo gola, moratuen triangulazio bikain baten ostean Igorrek bigarren zutoinetik egin zuen; jarraian San Juanek 4-1ekoa lortu zuen beste trantsizio azkar batean. Lehenbiziko zati honen amaieran iruindarrak 5-1ekoa ezarri zuten penalti bikoitza baten jaurtiketan.
Bigarrenean gureak biziago atera ziren, defentsaren intentsitatean hobeak eta erasoan gauzak argiago, baina ez zuten aurkariaren atean asmatzen jakin izan. Alfredok bosteko jokoa probatzea erabaki zuenean bakarrik lortu zuten aldea txikitzea, Igorrek berriro bigarren zutoinetik 5-2koa egin zuenean. Partidaren azken unetan San Juanek bere zelaitik ate hutsera bota ostean 6-2koa egin zuen.
Aurredenboraldiko lehenbiziko partida honek, kategoria zorrotz honetan lantaldea ze norabidetan landu eta prestatu behar den erakusten digu.