Lauburu Ibarra Mahalak 6-2ko porrota ezagutu zuen Zierbenara egindako bisitan eta lehenbiziko hiru jardunaldietako garaipen jarraien bolada ona hausten da laugarren jardunaldi honetan. Norgehiagoka intentsitate handikoa izan zen eta galipoen asmatze mailagatik erabaki zen, azken metroetan ibartarrak baino trebezia handiagoa erakutsi zuten-eta.
Erritmo biziarekin hasi zuten partida Ibartarrak; zortzigarren segundoan Oier Goikoetxeak lehenengo gol aukera izan zuen, baina ez zuen sartzen asmatu. Jarraian, Martin ibarbia estrategia ekintza batean, taldea aurretik jartzeko zorian egon zen, baina atezainaren lan onak eragotzi zion. Bi aldeek oso norgehiagoka bizia burutzen ari ziren, defentsak bortitzak eta taldeek dena ematen ekintza bakoitzean. Minutuak goraka eta bi taldeak markagailuan aurreratzeko aukerak izanda ere, berdinketak agintzen zuen. Hamargarren minutuan bertako taldea aurreratu zen, Ibarrako defentsaren akats bat medio; gol honek min handia egin zuen alde morean eta ibartarrek minutu batzuetan sufritu egin behar izan zuten aurkariaren pistan berriro arrisku egoerako sortzeko. Hori nahikoa ez, eta bost minuturen faltan bosgarren falta pilatu zuten bisitariek. Determinantea izan zen falta hau, minutu bat beranduago Jokin Agirretxek aurkari bat lurrera bota eta ondorioz penalti bikoitza jasan izan behar baitzuten. Penalti honek markagailua 2-0ean ezarri zuen eta lehenbiziko zatiari amaiera eman zion.
Bigarren zatiaren hasiera ez zen aldrebesa izan Ibartarrentzat, lehenbiziko minutuan Oierrek gol aukera garbi bat izan baitzuen; ate hutsera bota zuen, baina ez zen golean amaitu. Triangelu-ekintza batekin erantzun zuten bertakoek, langa joaz. Minutu bat beranduago ordea, 3-0ekoa sartu zuten eta norgehiagoka oso zaila jarri zen moreentzat. Aitor Arevaloren mutilak saiakera gehiago egin zuten, baina ezin gola sartu; minutuak aurrera zihoazen heinean, neke fisikoa eta psikologikoa ere nabaritzen hasi zen. 10 minutu falta zirela, bisitarien akats baten ondorioz, Zierbenak 4-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Ibartarrak ez zuten etsi eta Aimar Iturriotzek tartea txikitzea lortu zuen handik gutxira. Moreek erasoan eta estrategia ekintzak egiten jarraitu zuten arrisku egoerak sortuz. Sei minutu faltan, Martin Ibarbiak penalti bikoitza erratu zuen, eta ondoren, bostekoarekin, bizkaitarrek bi alditan baloia berreskuratu eta gol bana sartu zuten markagailua 6-1ean jarriz. Oier Goikoetxeak penalti bikoitza botata itxi zuen emaitza, 6-2rekin.
Partidaren amaieran entrenatzaileak hauxe adierazi zuen: “Taldea oso lehiakor egon da orokorrean, bien arteko aldea joan egon da nire ustez, eta horren aurrean, alderdi hori hobetzeko lan egitea besterik ez zaigu geratzen. Nagusitasun egoera garbi batzuk egon dira, baina ez dugu egoki kudeatzen jakin izan, eta hori da norgehiagoka honetatik gehien haserretzen nauena. Izaera erakutsi du taldeak eta porrotak min ematen badu ere, emaitza honek indartu egingo gaitu etorkizunera begira”.
Datorren larunbatean, 16:00etatik aurrera ibartarrak Kantabriako Mar Rock taldea jasoko dute Belabietan.
Gogoan izan, bazkide egiteko kanpaina martxan jarraitzen dagoela