BIGMAT FONTECHA C.D. JUVENTUD DEL CÍRCULO F.S. – LAUBURU K.E. IBARRA
Gipuzkoako Kopan titulua lortu ostean, Lauburuk jarraipena emango dio ligari Burgosera egin beharko duen irteera zail batekin. Juventud del Círculo izango du bertan, oraingoz bere gotorlekuan menderatzea lortu ez duen taldea. Aukera bikaina izango da oraingoa, motibazio handiagoarekin gainera, izan ere, garaipenak Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldearekin partekatzen duten lidergoa mantentzea ahalbidetuko lioke Laubururi.
Alta, ez da erraza izango; Raul Zamorak entrenatutakoek kantxa hori gotorleku bihurtzen ohituta daude. Pilatuta dituzten 17 puntuetatik 15 etxean lortu dituzte; kontuan hartzeko gauza da, eta argi uzten du norgehiagokaren zailtasuna.
Talde morean Peña eta Beñat zalantza izango dira azken unera arte. Atezaina, eskuineko oinean duen minaz osatzen jarraitzen du oraindik, eta jokalari tolosarra berriz, gripearekin gaixo egon da. Beste aldetik, Adrianek eta Zumetak taldearekin entrenatu dute aste honetan, beraz jokatzeko moduan izango direla dirudi.
Alfredoren iritzia hauxe: “Oso kantxa zaila da, bertan aurkaria deseroso sentiarazten dakitelako. Norgehiagokaren zailtasunaz jakitun gara, baina puntuak etxera ekarri nahi ditugu lehenengo postuetako lehian jarraitzeko. Lehenengo erronka erasoan gure jokoa egitea izango da eta defentsan kontzentrazioa mantentzea 40 minutuetan. Lortzen badugu, ziur naiz norgehiagoka irabazteko aukerak izango ditugula”.
18:30ean izango da Burgosko Caja Círculo eraikinean. Ibarrako espedizioa Belabietatik aterako da 14:15ean.
Ohiko moduan, Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango da norgehiagoka.
Ez ahaztu: LARUNBATA, ABENDUAK 12, 18:30ean.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratumoreeginLauburu