Asteartean Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatu genuen Wanapix Sala 10-en aurka. Azken orduko ustekabeak medio, Belabietan ezin izango genuela jokatu jakinarazi ziguten, eta beraz, irtenbide bila jarri, eta pista alternatibo bat bilatu behar izan genuen, kasu honetan Urnietako Kiroldegian. Horrela, zaleekin betetako bi autobusekin, aspaldiko partidarik zirraragarrienetako bati eman genion ongietorria, espero gabe.

Dani, Chuky, Ivan, Txiki eta Raulekin hasi genuen norgehiagoka, eta 30. segundoan, Wanapix Salak markagailua estreinatu zuen eskuin hegaletik jaurtiketa sartuta, hegaleko sakean gure akats bat aprobetxatzen (0-1). 0-1ekoa hain azkar iristeak ez zituen gureak desmotibatu, eta, Zaragozakoen intentsitateari eutsiz eta aurre eginez, ezker hegaletik berdintzeko zorian egon zen Chuky, Raulek jaurtitako falta baten ondoren baloia borrokatu eta hura berreskuratu ostean. Ondoren, atsedenaldirako 2 minutura, Wanapixek falta batetik izan zuen aukera ona, baina Daniren hormak ez zuen huts egin. Aldaketa nabarmenik gabe, 0-1ekoarekin joan ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzultzean, gol aukera gehiago izan genituen, eta presioa hobeto doitzen jakin izan genuen, aurkaria atetik ahalik eta urrunen mantentzeko ideia betetzen. Horri guztiari esker, Ivanek gola sartu zuen 27. minutuan (1-1) azken errematea behar izan ez zuen lapurreta batekin. Aurrerago, bigarren zatiaren erdialdean, Aragoikoak aurretik jarri ziren berriro, punteria handiko jaurtiketa bati esker (1-2). Hala eta guztiz ere, jarrera bikainari eutsi, eta borrokatzen jarraitu genuen. Horri esker, minutu bat beranduago, Martin Iraolak, lehen taldearekin debuta egiten zuenak, pozez eta emozioz bete gintuen: segurtasun handiarekin, baloia lapurtu, eta bakar-bakarrik ia pista osoa zeharkatuta, aurrera jarraitzeko itxaropena itzuli zigun (2-2).

2-2koarekin, inork ez zion saiatzeari utzi, eta, beraz, luzapenera joan ginen: 3 minutuko bi zatiri aurre egin behar genien aurre. Lehenengoan ondo aritu ginen arren, talde bisitariak ez zuen barkatu, eta amaierarako segundo bakarrera sartu zuen (2-3), buruz, aldaratze batean. Gero, bigarrenean, azken kartutxoa erabiltzea erabaki zuen Diestrok, eta 5eko jokoarekin, Txikik ipini zuen 3-3koa. EUFORIA ETA PENALTIAK.

Eta, denok dakizuen bezalaxe, penaltien txanda festa bat izan zen: gure 4 golek eta Marcosen bi geldiketek garaipena eman ziguten, eta kanporaketa bat gehiago gainditu genuen.

Partidaren amaieran gure entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Oso partida zaila izan da. Joko mailan gainditu egin gaituzte, eta lehiatzeari eta espazioak bilatzeari atera behar izan diogu etekina. Uste dut edonork eraman zezakeela partida, eta azken berdinketa bidezkoa dela. Oso pozik nago, batez ere zaleengatik, hurrengo partida Belabietan gozatzeko aukera izango baitute”.

Gertatutako guztia barneratu ezinik jarraitzen badugu ere, larunbateko neurketari begira gaude jada, Tauste FS izango baitugu aurkari. Tauste FS sailkapeneko liderra da, Otxartaberekin puntuetan berdinduta (16 puntu guztira) dagoelarik. Gure taldeak atzo ekin zion lanari, scouting-arekin. Norgehiagokak Ligako zazpigarren jardunaldiari dagokio, eta arratsaldeko 17:30ean hasiko da. Beti bezala, zaleek taldearekin bidaiatzeko aukera izango dute gure sareetan argitaratu dugun estekaren bitartez izena emanda.

AZAROA INDARTSU DATOR!!!

GOOOOOOAZEN!!!