Larunbatean Vulcanizados Ruiz Tafa FSren aurka jokatu genuen Ligako hamabigarren jardunaldia. Aspaldiko ezagunak izanik, bagenekien akats bakar batek partida gogorrek eskatzen duten mailan ez egotera eramango gintuela. Eta hala izan zen.

Intentsitate handiarekin presionatzen, bat bera ere ez barkatzen, eta etengabe abaguneak sortzen, nafarrak izan ziren nagusi hasieratik amaierara arte. Are gehiago, bi akatsek haien indarrak gutxitzea eragotzi ziguten, eta, 13. eta 14. minutuen artean, bi gol egin zituzten: lehena lapurreta bati etekina aterata, eta bigarrena, berriz, alboko sake baten ondorengo bolea bat errematatuta. Horren aurrean, Diestrok 5eko jokoa aukeratu zuen, baina helburua lortu ezinik, 0-2koarekin joan ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ondoren, oso antzekoa izan zen egoera. Gainera, Chukyk jasotako txartel hori bikoitzak Tafallakoen hirugarren gola ekarri zuen bigarren erdiko 3. minutuan (0-3). Ondoren, Raulen eskutik distantzia murriztea lortu genuen area barrutik, amaierarako 15 minutu falta zirela (1-3).

Emaitzean gerturatzeak zertxobait lagundu zigun, baino ez behar adina. Hain zuzen ere, berriro atezain jokalariarekin saiatu arren, beste lapurreta batek 1-4ekoa ekarri zuen 35. minutuan. Antzera, 3 minutu geroago, bisitariek azken emaitza islatuko zuen 1-5ekoa ipini zuten beste behin ate hutsera jaurtita.

Tafaren garaipen sendoa eta emaitza argia. 3 puntu garrantzitsu galdu ditugu, batez ere gainerako taldeen emaitzak kontuan hartuta. Partidaren amaieran, hurrengoa adierazi zuen gure entrenatzaileak: “Jokoaren fase guztietan izan dira hobeak. Ez dugu ondo lehiatu, eta sendotasuna falta izan zaigu”.

Larunbatekoa ez zen partida ona izan, baina ikasteko balio du. Lehen itzuliari agur esan aurretik, beste bi erronka gelditzen zaizkigu Gabonak baino lehen, eta haien bueltan beste bat. Hamargarrenak gaude taulan, eta talde asko ditugu gertu. Badakigu, beraz, zer nahi dugun, eta zer egin behar dugun hori lortzeko!!!! GOOOOOOOAZEN EKIPOOOOO!