Atzo Zierbena bizkaitarraren aurka jokatu genuen Ligako hamazazpigarren jardunaldiko partida. Goizean edo igandean jokatzea ohitura ez den arren, ondo atseden hartuta, eta erronka “ezberdin” bati aurre egiteko beharrezko motibazioarekin irten ginen Ibarratik.
Horrela, Dani, Uri, Txiki, Chuky eta Oscar bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka. Espero bezala, lehen minutuetan eta hurrengoetan berdintasuna izan zen nagusi alderdi guztietan. Hala ere, lehen gola berehala iritsi zen, minutu eta erdira, hegaleko jokaldi on baten ondorioz Urik baloia sare barrura sartu zuenean (0-1). 0-1ekoarekin, aurkariak intentsitateari eutsi zion, atsedenaldirako 12 minutura neurketa berdintzea lortu zuen arte (1-1).
Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Uri, Dylan, Txiki eta Oscar izan ziren bigarren zatiko hasierako bostekoa, eta azken 20 minutu horietan gutxi aldatu zen jokoaren norabidea. Hala ere, amaierarako soilik 5 falta zirenean, erabakigarria bihurtu zen arbitroaren interpretazio bat: gure jokalari Chukyk bigarren txartel horia jaso zuen ekintza baten ostean, hain justu bera izan zenean erasoa jasan zuena. Ondoren, jakina, nagusitasun horretaz baliatu ziren etxekoak, eta behin betiko 2-1ekoa ipini zuten markagailuan.
Partida lehiatua, eta porrota gogorra. Horren aurrean, datorrenari heltzea da aukera positibo bakarra, batez ere, batzen gaituen helburu bat daukagula kontuan hartuta. Era berean, nabarmentzekoa da Dylan gure fitxaketa berriak egin zuen debuta. Hau poza kamiseta morea defendatzen estreinatu izana! GOOOOOAZEN!!!!