Talde moreak Zaragozako Loalco Green Colo Colo-en bisita jasoko du bihar Belabietan, arratsaldeko 18:30ean

Gure taldeak mailaz igo berri den Zaragozako Loalco Green Colo Colo-ren aurka jokatuko du larunbat honetan (Bigarren Mailan jokatzen duen taldearen filiala). Ligako bosgarren jardunaldiari dagokio partidak eta Jotak zuzentzen dituenak Belabietara itzuliko dira etxean galdu gabe jarraitzeko asmoz.

Aurkariari dagokionez, sailkapeneko 13. postuan dago, Anaitasuna CD-rekin puntutan berdinduta (4 guztira) partida bat irabazi, beste bat berdindu eta 2 galdu ondoren. Halaber, igo berri den taldea izan arren, erlaxatzea ez da aukera bat. Gainera, gure misterraren arabera, egitura ona duen Cluba den aldetik, bikain antolatutako Eskola dauka Colo Colok eta, beraz, zalantzarik gabe baieztatzen du landutako talde batekin bidaiatuko dutela Ibarrara. 

Bien bitartean, ibartarrak aste oso bizietatik datoz eta beharrezkoa zuten atseden mentala. Horrela, hiru saio egin dituzte asteartetik ostegunera oraingoan. Merezitako atsedenaldiaz gain, lesionatutako jokalariren bat ere berreskuratzea zen asmoa. Hala ere, azken albisteen arabera, beste jardunaldi bat gehiago itxaron beharko dugu horietakoren bat pistan ikusi ahal izateko. Horrekin, aurreko asteko bera izango da deialdia eta Euskal Ligako taldeko Iturriren laguntza izango dugu beste behin.

Denboraldi hasiera zaila eta oztopoz betea izan da, baina gure taldeak ez du amore ematen eta buru-belarri ari da lanean norgehiagoka bakoitzetik zerbait ateratzeko, pausoz pauso. Hori alde batera utzita, etxean jokatzea beti da berezia eta beti laguntzen du energia eta motibazio plus bat izaten. Hortaz, beste larunbat batez zuen animoak entzutea espero dugu, etxean orain arte bezain indartsuak izaten jarraitzeko.

18:30ean itxarongo zaituztegu Belabietan!! GOAZEN LAUBURU!!!!