Larunbatean Madrilera joan ginen Ligako hemeretzigarren jardunaldia jokatzera. Han, Futsal Villaverde genuen zain, eta emaitza onak lortzetik zetorren taldea izanik, bagenekien aurkariari asko sufriarazten jarraitzeko asmoa izango zuela.
Horrela, Chuky, Iker, Dylan, Oscar eta Marcos bostekoarekin hasi genuen partida, eta oro har, defentsa ona mantentzen jakin izan genuen lehen zatian. Hala ere, erasoari dagokionez, ez genuen behar bezala asmatu, batez ere, markagailua estreinatzeko aukera ugari izan genituela kontuan hartuta. Horren aurrean, azpimarratzekoa da etxeko atezainak arrakasta handiarekin erantzun zuela. Aurrerago, atsedenaldirako 8 minutura, Txikik huts egin zuen penalti batean, eta markagailuak mugitu nahi izan gabe jarraitu zuen. Dena den, gero, minutu bat baino gutxiago falta zela, helburua lortu genuen: haien jokalari bat kanporatu, eta nagusiatasunean jokatzen ari ginela, bere atean sartu zuen baloia aurkariak (0-1).
Aldageletatik itzuli ondoren, hurrengo sentsazioa nabarmendu zen: bi edo hiru ekintza kenduta, ez genituen sortu lehen 20 minutuetan adina aukera. Era berean, oraingo honetan haiei egokitu zitzaien nagusitasunean jokatzea, gure Alvaro kanporatu baitzuten. Eskerrak Daniri, pare bat jaurtiketa urrunduta, egoerari oso ondo erantzuten jakin izan zuela.
Dinamika horretan, 0-1ekoa mantentzea lortu genuen baina, amaierarako 2:17ra, 5eko jokoarekin eta diagonal on bati esker, partida berdindu zuten madrildarrek. Horren ostean, zirrara handikoak izan ziren azken bi minutuak. Talde batek zein besteak arriskatu, eta dena eman zuen atezain jokalariaren aldeko apustua eginda. Saiatu arren, 1-1ekoarekin iritsi zen azken txistua.
Puntu banaketarekin, Jotak adierazi zuen taldearen irudia “aurreko astean baino askoz hobea” izan zela. Ildo horretan, puntu bat batzeaz gain, Belabietako azken jardunaldiko sentsazio txarra alde batera utzi izana ere batu dugu.
Sailkapenari dagokionez, San Juan eta Zierbenaren garaipena medio, seigarren postuan kokatu garen arren, ez dugu baztertzen azken partida honek utzi digun alde positiboa. Gainera, aste honetan atseden hartuko dugu, eta badakigu primeran etorriko zaigula fisikoki eta mentalki indarrak berritzen jarraitzeko. GOAZENNNN!!!!