Lauburu Ibarra Mahala Ligako txapelduna izendatu da Siero Areto Futboleko talde asturiarrari 1-6 irabazi ostean. 20 garaipen, porrot bakarra, 112 gol alde eta 24 goleko kontra. Emaitza bikain hauekin, Arevaloren mutilek Liga titulua lortu dute txapelketa amaitzeko jardunaldi bat falta denean. Talde morearen atzetik eta bigarren sailkatu gisa, Gijon Playas talde asturiarrak amaituko du denboraldia. Bikain aritu dira haiek ere orain arte eta talde morearekin batera Espainiako jubenilen kopa jokatuko dute ekainaren 5eko asteburuan, estatu nazionaleko 16 talde onenekin batera.

Puntu bakarra behar zuten moreek larunbatean txapeldun izendatzeko. Hala ere, 3 puntuak lortzeko asmoz bidaiatu zuten Pola de Sierora. Lehen minutuetan, aurkariaren defentsak ezustean harrapatu zituen bisitariak; izan ere, defentsa altuak eta baxuak tartekatzearekin batera, banakako defentsa burutu zuten geldikako akzioetan. Hortaz, kosta egin zitzaien gipuzkoarrei partidan sartzea eta horrek prezipitazio ugari eragin zituen. Dena den, minutuek aurrera egin ahala, ibartarrak neurketan finkatu ziren eta ohiko posizio-jokoa eta presio nekaezina garatzen hasi ziren.

Hortik aurrera, aukerak iristen hasi ziren. Hala ere, azken metroetako erabaki txarrek emaitza ez mugitzea eragiten zuten. Eta, azkenean, lehen zatia amaitzeko 2 minutu soilik falta zirela, Jokin Agirretxek 0 eta 1-ekoa ipini zuen, erasoko trantsizio on bat arrakastaz amaitu ondoren. Emaitza honekin amaitu zen lehen erdia.

Atsedenaldian egoerak zuzendu ostean, moreek erasokortasun puntu bat gehiagorekin kantxaratu ziren eta, 35. minutuan, 0 eta 2-koa igo zuten Aimar Zubillagaren bitartez. Gola Iker Sanchezen asistentzia baten ostean iritsi zen. Minutu bat geroago, Jokin Agirretxek hirugarren gola sartzea lortu zuen (0-3). Abantaila izan arren, Ibartarrek ez zuten amore eman nahi eta, bigarren zatiko 7. minutuan, Aimar Iturriotzek beste bi gol sartu zituen, aldeak handituz eta 0 eta 5-ekoa jarriz.

Moreen intentsitatea eta oldarkortasuna falten kopuruan islatu zen, amaierarako 12 minutu falta zirela 5.na eraginez. Dena den, gure taldeak txapelketa nahi zuen eta ez zuten intentsitatea jaitsi. Horri esker, aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren baina, 5 minuturen faltan, etxekoek aldea murriztu zuten trantsizio-ekintza ona burututa (1-5). Markagailua mugituko ez zela zirudienean, Unax Iglesias jokalari kadeteak arratsaldea borobildu eta, talde ekintza bikain baten ondoren, bigarren zutoinetik amaitzen zuen, ibartarren aldeko 1 eta 6-ko markagailu bat utziz.

Partida amaitzean Aitorrek hitz hauek eskaini zizkigun: “Oso pozik gaude txapelketa honengatik. Lorpen handia da lortutako guztia lortu izana. COVIDen aurka borrokatu dugu, plantillan izan ditugun konfinamenduen eta positiboen gorabeheren aurka. Horrekin batera, 14 partida jokatu ditugun bi hilabetetan, 5 asteburutan lanaldi bikoitza eginez (larunbata eta igandea). Gainera, gure azpitaldean bestean baino bi neurketa gehiago jokatu behar izan ditugu. Horrela, titulua lortzeko akats-tartea oso txikia zen eta denboraldia bikaina izan da. Oso eskertuta nago mutilen lanarekin. Iturri eta Martin bezalako jokalariek banakako jipoi fisikoak jaso dituzte asteburuetara baldintza onetan iristeko. Ikasketa kontuengatik gurekin entrenatu ezin izan duten arren, konpromiso handia erakutsi dute. Bestalde, Iñigo Iriarteren lesioak gure plantillaren kopurua murriztea eragin zuen, baina jokalari guztiek aurrerapausoa eman dute eta lehen egunetik sinetsi dute planteatutako joko ereduan. Eredu horren barruan, bilakaera nabarmena izan dute.

Era berean, jakin badakit maila ekonomikoan Klubarentzat gastu handia suposatzen duen kategoria baten aurrean gaudela. Horri pandemia garaian areagotu den finantza-krisia gehituta, Klubak esku artean dituen kirol-proiektuak aurrera ateratzeko egiten duen lana nabarmendu nahiko nuke. Txapelketa honetako zaleekin eta gurasoekin batera gozatu ahal izana ederra izango litzateke. Gure maitasun-iturria dira, gauzak gure alde edo kontra egon.

Orain, 4 aste gogor ditugu aurretik. Ibarran beste multzo bateko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dugu Espainiako txapelketaren atariko fasea prestatzeko. Lehiatu ez ezik, irabazi ere egin nahi dugu, eta, horregatik, lan handia egingo dugu”.

GOAZEN LAUBURU!!!!