Gure taldea Escuelas Ciudad de Guadalajara FS-ren aurka neurtu zen atzo Ibarran. Azken bi jardunaldiak kanpoan jokatu ondoren, Belabietan lehiatzeko gogo bizia zegoen; batez ere, denboraldia hasi genuenetik etxean inork ezin izan dituelako gipuzkoarrak garaitu.

Iñigo, Dani, Boli, Antxon eta Jorge izan ziren hasierako bostekoa. Arratsaldeko lehen ekintza arriskutsua Boliren eskutik etorri zen, gauzatu ezin izan zuen kontraeraso batekin. Guadalajara ere bi jokalditan hurbildu zen, Jorgeren arean arriskua sortuz.

Horrela, defentsak hasi ziren bereziki nagusitzen eta kosta egiten zen gol aukerak sortzea. Baina, orduantxe, norgehiagokaren lehen 7 minutuak igarota, Antxonek aldaratutako baloia jaso zuen, Juaristiren jaurtiketa indartsu baten ondoren.

Geroago, lehen zati honen erdialdean, bigarren falta igotzen genuen eta Adri Martiñok hutsartea eskatzen zuen. Horren ostean, ibartarrek defentsan lan ona egiten jarraitzen zuten. Are gehiago, gure kapitainak eta Raidek zuzendutako 3×2 jokaldi bat golean bukatzeko zorian egon zen. Gero, Guadalajarak zutoina ukitzen zuen, bere lekua aldarrikatuz. Berdinketa nahi zuten, eta nabari zen. Horrela, jokoaren berdintasuna medio, bisitariek 1 eta 1-ekoa jartzen zuten markagailuan 1:12ren faltan. Kornerretik atera, baloia Daniren bizkarrean erori eta ate barrura sartzen zen. Atsedenaldia iragartzen zuen txistua entzuten genuen horrekin.

Aldageletatik itzuli ondoren, bigarren zatia lehenengoaren boskote berarekin hasiko genuen. Baloia jokoan jarri eta, soilik 3 minutura, Antxonek, geldiezin, aurretik jarri zuen taldea ezkerreko hankarekin amaituz, Iñigoren zerbitzura (2-1). Minutu bat geroago, Andonik jaurtiketa bikaina egiten zuen, arratsaldeko hirugarrena igoz (3-1). Aldi berean, bisitariek aukera ona izan zuten, baina Jorgek, bikain, oinarekin atera zuen pilota.

Denbora tarte txikiarekin etorri ziren bi gol hauek min handia egin zien Martiñok zuzentzen dituenei eta indar eta animo handia, aldiz, Jotaren taldeari. Gainera, amaierarako 9:40ra, aldea are gehiago handitu genuen propian sartutako gol batekin (4-1). Segundo batzuk geroago, Andonik beste bat ipini zuen markagailuan, baselina bikain batekin atezain aurkaria ezustean harrapatuz (5-1). Zumetaren lana ere funtsezkoa izaten ari zen. Aukera politak eragin zituen tolosarrak.

Bosgarren golarekin, Guadalajarakoek 5-eko jokoa aukeratu zuten. Baloia ondo mugitzen zuten eta aukerak sortzen zituzten, baina Antxonek ate hutsa aprobetxatzen zuen 6-1ekoa jartzeko, 6:33ren faltan. Segundo batzuk geroago, aurkariak 5-eko jokoarekin jarraitu eta, horri esker, bere bigarren gola etorri zen (6-2). Hala ere, Iñigok (7-2) beste gol batekin erantzun zuen. Handik gutxira, Guadalajarako jokalari bat kanporatua izan zen eta gureek nagusitasuna irabazten zuten. Hala ere, markagailua ez zen gehiago mugitu moreentzat. Bai, ordea, bisitarientzat, beste bat igo baitzuten beren joko onari eutsiz (7-3). Era berean, partida laugarren gol batekin amaitzear egon ziren, ibartarrek euren seigarren falta eraginez, penalti bikoitza eragin zuten eta. Hala ere, emaitzak ez zuen gehiago mugitu nahi izan eta 3 puntuak Belabietan geratu ziren, beste behin.

Jokalari guztien lan ikaragarria eta betetako beste helburu bat. Denboraldiko azken zati honetan indarra hartzeko balioko du garaipenak. Partidaren amaieran, Jotak honakoa adierazi zuen: “Partida oso gogorra eta oso zaila. Lehen zatia benetan parekatua izan da. Oso partida defentsiboa proposatu dute. Bigarren zatiari dagokionez, askoz gehiago asmatu dugu eta 3 eta 1-ekoa inflexio puntua izan dela uste dut. Arratsalde on horietako bat itzuli da gaur Ibarrara. Oso pozik nago”. Bukatzeko, gure atezaina den Jorgek ere adierazi nahi izan zuenez, emaitza gorabehera, taldeak “azken minutura arte borrokatu” behar izan zuen eta garaipena bigarren zatiara “oso entxufatuta” sartu izanagatik etorri zen. 

GOAZEN LAUBURU!!!!