Lauburu Ibarra Mahalak garaipena lortu zuen Jarrilleros taldearen aurkako larunbateko eta igandeko partidetan. Horrela, denboraldiko hamargarren garaipena eskuratu dute jarraian ibartarrek. Talde morea liderra da sailkapenean (30 puntu) eta, lau partida jokatzeke, bigarren faserako sarbidea ziurtatu du jada. Horrekin batera, Espainiako txapelketaren aurreko fasea jokatzeko txartela ematen duten lehen bi postuengatik lehiatuko dute.

Larunbatean, bederatzigarren garaipena (4-0)

Larunbatean Aitor Arevaloren mutilek Ligako bigarren sailkatuaren aurka jokatu zuten Belabietan. Ondo landutako taldea da Jarrilleros eta denboraldi bikaina egiten ari da. Partidako lehen minutuak oso biziak izan ziren bi aldeetatik, eta presio handia egin zuten baloia berreskuratu eta kontraerasora azkar ateratzeko helburuarekin. Horrela, lehen zatia amaitzeko 6 minuturen faltan, Aimar Iturriotzek 1 eta 0-ekoa egin zuen markagailuan, geldikako jokaldi baten ostean. Eta, emaitza honekin lehen zatia amaituko zela zirudienean, Unax Iglesiasek ondo gauzatu zuen Beñat Irazustabarrenaren ekintza bikain bat, markagailuan gure 2.gola igoz.

Bigarren zatian, ibartarrak puntu bat gehiagorekin irten ziren. Horrela, 10 minututan emaitza handitzea lortu zuten Iker Sanchezen bitartez, Beñatekin dualtasun handia izan ondoren 3 eta 0-ekoa jarri baitzuen. Geroago, partida amaitzeko 9 minutu falta zirenean, bisitariek atezain jokalariaren baliabidea aukeratu zuten aldeak murrizteko. Bigarren erasoan, ordea, Eñaut Gilek baloi bat berreskuratu eta Ekainek behin betiko 4 eta 0-ekoa jartzea lortu zuen.

Igandean, lehen helburua lortua (2-4)

Hurrengo egunean bi taldeek Portugaleten jokatu zuten elkarren aurka. Ibartarrek, amore eman gabe, higadura handiko partida inprimatu zuten lehen 10 minutuetan. Ondorioz, 0 eta 3-ko aldea jarri zuten markagailuan, emaitza horrek atsedenaldira iritsi arte irauten zuelarik. Golegileak Jokin Agirretxe, Martin Ibarbia eta Aimar Iturriotz izan ziren. Nabarmentzekoa Oier Goikoetxearen 3 asistentziak lehen hiru goletan.

Bigarren zatiaren hasierari dagokionez, etxekoek markak estutu zituzten eta talde morea zertxobait deseroso sentitzea eragin zuten. Hala, 6. minutuan aldea murriztu zuten aurkariek. Hortik aurrera, partidak oso bizia izaten jarraitzen zuen eta bi taldeek ikuskizun bikaina eskaintzen zuten pistan. 7 minuturen faltan, Martin Ibarbiak baloi ona berreskuratu eta 1 eta 4-koa ipini zuen. Hala ere, pozak gutxi iraun zuen; segundo batzuk geroago, etxekoek aldeak murriztu bait zituzten beste behin. Ondoren, 5 minuturen faltan, atezain jokalariaren errekurtsoa aukeratu zuten etxekoek. Dena den, 3 puntuak Ibarra bidaiatu zuten, gure taldeak denboraldiko hamargarren garaipena lortzen zuelarik.

Partida amaitzean, Arevalok honakoa adierazi zuen: “Lehenik eta behin, aurkaria zoriondu beharra dago, oso ondo lehiatu delako eta sei puntu hauek lortzeko gure onena ematera eraman gaituelako. Oso asteburu positiboa izan da eta mutilek primeran egin dute lan. Zoriondu egin nahi ditut egindako lan handiagatik. Guztira 114 minutu eutsi diogu gure atean golik sartu gabe eta horrek, gurea bezalako kirol batean, asko esaten du talde honi buruz: zein ondo ari den lanean eta zein solidarioa den”. Era berean, taldeak jada bere lehen helburua lortu duela gaineratu zuen gure entrenatzaileak. Izan ere, bigarren faserako sarbidea ziurtatuta dute jada eta Espainiako txapelketaren aurreko fasera jokatzeko aukera ematen duten lehen bi postuengatik lehiatuko dira. “Urrutira iritsi nahi dugu eta, horretarako, gogor entrenatu behar dugu puntuak lortzen jarraitzeko eta erasoan zein defentsan gure prestazioak hobetzeko. Halaber, talde sendoa izan nahi dugu etorkizuneko konpromisoetarako, horiek asteburu honetakoak bezain zailak izango bait dira”, esaten zuen Aitorrek.

GOAZEN LAUBURU!!!!