Ibarrak garaipen sendoa lortu du berriro Belabietan, Nalda Kirol Elkarteak egindako bisitan golik jasan behar izan gabe gainera. Errioxarrak, baja askorekin gutxituta, bigarren zatiaren hasiera arte eutsi zioten, eta une horretan aprobetxatu zuten Alfredorenak zuloa egin eta denboraldiko garaipen lasaiena kitatzeko.
Moratuek norgehiagokak zuen arriskuaren jabe ziren. Erlaxatzeko betarik hartu gabe, ibartarrak oso bizi hasi zuten partidua, Javierren atea itxi nahian. Bisitariek berriz, hiru aldaketekin bakarrik etorrita, beren defentsa atetik urrun jartzen saiatu ziren. Honela, partidaren hasiera oso dinamikoa izan zen, hurbilketak bi areatan gertatu zirelarik.
Etxekoen lehenbiziko gola laster iritsi zen. Huts egindako eraso pare baten ostean, laugarren minutuan ireki zuten markagailua. Andoni Agirrezabalak sartu zuen, baina meritua denena izan zen, korner bat ateratzean egindako konbinazio zehatz baten ondorioz etorri baitzen. Andoni berak jarri zuen baloia jokoan. Aitzolekin konbinatu ostean, berriro Andoniri iritsi zitzaion baloia eta jaurtiketa bortitz baten bidez zulatu zuen errioxarren atea.
Lauburu saiatzen jarraitu zuen eta bigarren saria zazpi minutura eskuratu zuen, arratsaldeko gol onena izan zen gainera. Zuhaitzek beste arearaino bota zuen baloia eta Igor Echarrik bolean errematatu zuen. Toke fina izan zen, baina Javierrek geratu ezin izan zuen errematea bilakatu zen eta Ibarrako harmailak pozez bete zituena. Une honetatik atsedenaldira arte, bi taldeak izan zuten tantoa egiteko aukera, moratuek gehiago. Garbienetako bat, Javi Saldisek egindako erremate zuzen batek postea jo zuenean izan zen; errioxarrek aldiz Zuhaitz seguru bat aurkitu zuten bidean eta honek atsedenaldira markagailua 2-0ekoan mantenduaz iristea eragin zuen.
Bigarren zatiaren hasieran ikusi zen Laubururen azken bultzada. Aurkaria nekatzen hasia zen eta etxekoek partidari martxa bat gehiago sartzeko aprobetxatu zuten. Orduan iritsi zen norgehiagokaren hirugarren tantoa, partidua hasi eta bi minutura. Zumetak egin zuen, kantxa erdian ostutako baloi batekin egindako konbinazio bat bigarren zutoinean errematatuz.
Hiru golen errentak konfiantza handiagoa eman zien etxeko jokalariei eta beren eraso jokoa lasaiago eta abileziaz egiteko aukera eman zien. Beñatek eta Oihanek egin zituzten ondorengo bi golak, minutu bateko tartean. 4-0ekoa, Igor Echarri, Javi Saldise eta Beñat berak egindako estrategia jokaldi baten ostean etorri zen, Igor Echarrik egindako pase bat Beñatek fusilatu zuenean. Bosgarrena berriz, Carlosena anai gaztearen eskutik etorri zen, lehen lerroan baloia ostu eta errioxarren atera botaz langa ingurutik sartu zuen Ramiro gaindituz.
Amaierarako 10 minutu falta zirela, bisitariek bosteko jokoa jarri zuten kantxan. Honek erabat ibartarren kantxan jokatzea eragin zuen eta moratuek beren atearen defentsan jarri zituzten indarrak. Hala, aukeraren bat edo beste sortzeko gai izan ziren atearen ingurutik botatako tiroekin. Hala ere, markagailua geldirik egon zen, Javi Saldisek seigarren eta zazpigarren gola sartu zituen arte. Seigarrena baloi oste baten ondorioz etorri zen, Javik hau aprobetxatu eta jaurtiketa indartsu batekin sartu zuen. Markagailua itxi zuen gola berriz, Oihan eta Javi Saldisek gidatutako trantsizio baten bidez iritsi zen, Saldisek, Ezkarotzkoak egindako zerbitzu on bat bigarren zutoinean amaitu zuenean.
Denbora amaitu zen eta Lauburuk garaipenaz gozatu ahal izan zuen, 24 puntu eman eta bigarren postura igoarazi zuen garaipen bikaina. Datorren astean aurkaria izango denak dituen puntu kopuru bera du orain Lauburuk, Iruñeako San Juan taldea. Nafarrak kategoria honetan eskarmentu handia dute eta lantaldean kalitate handiko jokalariak ditu; ziur gaude maila handiko neurketa izango dela eta moratuen anbizioa ezbaian jarriko dutela iruindarrak. Ibartarrak lehenengo postuetan mantentzeko ilusioarekin prestatuko dute norgehiagoka, aurten Ibarran amestea tokatzen zaigulako. GOAZEN LAUBURU!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Zumeta (1), Aitzol, Andoni Agirrezabala (1) eta Beñat (1). Dani, Javi Saldise (2), Igor Echarri (1), Oihan (1), Agus eta Xabi Arranzek ere, jolastu zuten.
A.D. NALDA: Javier, Hamza, Youssef, Richar eta Cárlos. Álvaro, Agus eta Ramirok ere, jolastu zuten.
TXARTEL HORIAK: Youssef (A.D. NALDA).
GOLAK
1-0 MIN 3 Andoni Agirrezabala
2-0 MIN 7 Igor Echarri
3-0 MIN 22 Zumeta
4-0 MIN 27 Beñat
5-0 MIN 28 Oihan
6-0 MIN 39 Javi Saldise
7-0 MIN 40 Javi Saldise
EPAILEAK
Víctor, Toca Campo (Kantabriako Komitea)
Miguel, Trueba Fraile (Kantabriako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Dani, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
Oharra: Danon Txokoa tabernak bazkideentzako eskainitako bi lagunentzako afariaren zozketan irabazle Javier Aierbe suertatu zen. Zorionak!!!