LAUBURU KE IBARRA – A.D. SAN JUAN
Larunbatean gure lehenengo taldeak maila handiko duelua jokatuko du, Iruñeko A.D. San Juan taldearen kontra; azken denboraldietan Bigarren B Mailan ibilbiderik onena egin duen taldeetako bat, hain zuzen.
Jokatzeko 9 puntu besterik geratzen ez direnean, larunbateko partiduan lehiatuko diren hiruak garrantzia handikoak dira. Nafarrak bigarren postuan daude eta ibartarrak atzetik, lau puntuko aldearekin; moratuen garaipen batek datorren denboraldian Errege Kopa jokatzeko aukera eskaintzen duen postuetako batean amaitzea ahalbidetuko lieke Alfredo Hualderen mutilei. Ez da, noski, erraza izango Laubururentzat. Iker Bizkairen taldea kategoriako blokerik sendoenetako bat da; azken bost denboraldietan pribilegiozko postuetan kokatuak egoteak hori erakusten du.
Lauburu, klubak merezi duen postua itzultzeko erabaki irmoa hartuta dator azken sprint honetara. Santurtziren kontrako estropezuaren ostean, ibartarrak Naldari irabazi zioten, beraz larunbateko partidua berritutako ilusioekin hartuko dute. Lantaldeak hiru entrenamendu saio onak burutu ditu, larunbatean Belabietara hurbilduko den afizioari poza emateko ilusioak hauspotuta. Alfredo Hualderen hitzetan: “Azken hiru jardunaldi hauetara orain artean egindako lan guztiari zentzua emateko ilusioarekin iritsi gara. Jokalariek norgehiagokak duen garrantziaz ohartzen dira eta geratzen zaigun indar guztia erabiliko dugu hiru puntuak etxean geratu eta gure afizioarekin ospatzeko”.
Partiduan ez dira egongo Alex eta Joseba; Eta Aitzolek ahaleginak egingo ditu bertan egoteko.
Beti bezala, norgehiagokaren jarraipena klubeko twitterretik egin ahal izango duzue.
Ez ahaztu: LARUNBATA, APIRILAK 28 18:30ean
#GoazenLauburuKEIbarra
Oharra: partiduaren atsedenaldian klubeko bazkide guztien artean, Bentaldea jatetxeak eskainita, bi lagunentzako afaria zozketatuko da.