4-2 galdu zuen Lauburu Ibarra Mahalak Zierbenaren kontra ligako seigarren jardunaldian, bururik altxa gabe jarraitzen duelarik. Bolada txarra pasatzen ari diren bi talde elkartu ziren larunbatean, eta biak ere jokalari batzuen faltan, oso kontserbadore egon ziren lehenbiziko minutuetan, arriskatu gabe, kontrako golen bat jasotzeko beldurrez.
Lehenengo zatiaren erdialdean hasi zen norgehiagokaren dinamika aldatzen; bi taldeak lerroak separatzen hasi ziren eta era bortitzagoan jokatzen, partidua ikusgarriagoa eginez. Aukerak ere sortzen joan ziren bi aldeetan, baina bertako taldea aurreratu zen; 14. minutuan ibartarrek jokoa eraikitzeko garaian egindako akats batez baliatu eta 1-0ekoa egin zuten. Emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko zatia; joko aldetik oso parekatua izan zen eta bertakoek asmatu izanak aldageletara errenta txikienarekin erretiratzea eragin zuen.
Bigarren zatia Ibarrakoen aldeko hasi zen. Aukera pare bat ere izan zuten, norgehiagoka berdintzeko, baina ez zuten lortu, eta seigarren minutuan bertakoak izan ziren lortu zutenak, markagailuan 2-0ekoa ezarriz. Aitor Arevaloren taldea nortea galduta ibili zen bi minutuz eta konturatzerako 4-0ean jarri zen markagailua. Amaitzeko 11 minutu falta ziren oraindik, baina moreak moralaz baju eta fisikoz ere nekatuta, ez zuen ematen emaitza hobetuko zutenik. Alta, borondatea jarri zuten eta hiru minuturen faltan 4-2ko emaitzarekin jarri ziren galdutako ilusioa berpiztuz. Martin Ibarbiak egin zituen biak. 2:40ean txartel hori bikoitzak eragindako kaleratzeak ilusioa zapuztu zien berriro, eta norgehiagoka azken 4-2ko emaitzarekin amaitu zen.
Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak honela zioen: “Denboraldi gogorra izaten ari da, ez dugu markagailuan aurretik jartzea lortu egindako norgehiagoketan eta abantailarik izan gabe erremontatzea oso zaila da. Taldea saiatu da, baina aurkariek gauza gutxirekin min handia egiten diguten sentsazioa daukagu, eta guk berriz, egiten duguna ez da norgehiagokak irabazteko nahikoa. 13 gol sartu ditugu jokatutako bost norgehiagoketan, hiru gol bataz beste neurketa bakoitzean, eta kopuru horrekin zaila da partiduak irabaztea. Irabazten bada, defentsa arloan maila handia erakusten delako da, eta guk, geroz eta hobeto jokatuta ere, erasoan gola sartzea asko kostatzen zaigu, eta defentsan berriz, nahiko nukeen agresibitatea falta zaigu”.
Klubeko beste taldeei dagokienez, lehenengo territorialak binako berdinketan amaitu zuen Belabietan Bilkoin Legorreta taldearen aurka. Emakumezkoen seniorrak 3-0 irabazi zuen Eskoriatzaren aurrean eta 2003ko kadeteak 1-2 irabazi Lasarte-Oriako Balerdi Harategiak taldearen kontra; ondo sufritutako garaipena izan zuten Mikel Raposoren mutilak. 2004ko kadeteak aldiz, 0-3 galdu zuen etxean Erainen kontra.