LAUBURU K.E. IBARRA – OTXARTABE C.D.
Areto futbol partida bikaina eskaini zien beste behin Lauburuk bere zaleei, golak, markagailuan aukerak eta amaiera arte emozioa. Jokaldiak definitzeko garaian izandako eraginkortasun faltak bakarrik eragotzi zion laubururi garaipena eskuratzea.
Bizkaitarren atean sartuta hasi zuen norgehiagoka Lauburuk, iritsiera asko eta garbiak eginez; Falagan izan zen protagonista une horietan bere geldiketekin. Lehenengo iritsierak Andonik egin zituen, birritan; ondoren Oihanek beste bi eta Javi eta Antxonek beste bana. Hala ere, inork ez zuen lortu atea zulatzea. Otxartabek aldiz, nagusitasuna izan zuen lehenbiziko trantsizioa aprobetxatu zuen eta markagailua 0-1era igo zuen laugarren minutuan. Kolpea izan zen Ibarrakoentzat, baina lanean jarraitu beharra zegoen, eta osatuz, baloiaren jabe egin ziren berriro. Honela iritsi zen banako berdinketa, Carlosena anaien arteko konbinazio baten ostean; Antxonek atezaina gainditu zuen, bere parekoaz libratu ostean. Minutu bat beranduago, berriro Antxonek, Andonik lehenengo lerroan ostutakoa aprobetxatu eta Falagan azpitik gainditu zuen. Zailena egina zuten, markagailua irauli. Hemendik lehenengo zatiaren amaiera arte bientzako izan ziren aukerak. Lauburuk, konbinazio onekin, presiotik ateratzea lortzen zuen, baina ezin izan zituen iritsiera hauek gauzatu. Otxartabek berriz, kontraeraso arriskutsu batzuek egin zituen, baina Josebak edota zutoinak markagailua geldirik mantendu zuten.
Aldageletatik bueltan, Otxartabe borrokalariago bat ikusi zen eta indarrak parekatu egin zirela zirudien. Lehenengo Yerayk egindako urruneko jaurtiketak izan ziren Joseba ondo utzi zutenak, baina Oihanek eta Danik egindako iritsiera garbiekin erantzun zuen Lauburuk, golean amaitu ez bazuten ere. Garbiena Andonik izan zuen hasiera honetan; area hertzean ateratako falta batean defentsa batek baloia alderatu zuen lerroan bertan, harmaila gola ospatzen hastear zegoela. Hurrengo jokaldi arriskutsuan, Ibarrakoen arean zeresan handia eman zuen zesio baten ostean, Otxartabek zortea izan zuen: errebotean baloi bat Jonathan Gayosoren oinetara erori eta sarean sartu zuen. Handik minutura, Christian Blanco jokalari bizkaitarra kaleratua izan zen epaileak zuzenean gorria atera ostean, baina Lauburuk jokalariekin nagusitasuna izan zuen denboran ez zuen gola sartzen asmatu, Zumetak egindako baselina bikain batek langa jo eta lerroan botea eginez ozta-ozta ibili bazen ere. Javi Saldisek izandako beste bi aukeretan ere ez zen lortu sartzea. Mustaphak ordea, bere parekotik libratu eta Joseba goitik gaindituz sartu zuen Otxartaberentzat hirugarrena. Bost minutu bakarrik geratzen ziren eta Alfredo Hualdek bosteko jokoa jarri zuen martxan. Honela egin zuen Danik berdinketaren gola, zutoinera egindako jaurtiketa zuzen batekin. Lauburuk bostekoarekin jarraitu zuen, baina ez zuen gol gehiago sartzea lortu.
Puntu bat gehiago Laubururen kutxatilan. Goiko aldean dauden talde batzuek jardunaldi honetan izandako emaitzek ikusita, 2.B-ko bigarren multzo honetan dagoen maila lehiakor altua garbi geratzen da; lortutako puntu bakoitzak balio handia hartzen du.
Datorren jardunaldia bi aste barru izango da, Tafallan; sailkapenean lehenengo postuan dagoen taldearen kontra. Datorren astean ez dago ligarik, Probintzietako selekzioen norgehiagokak jokatuko dira-eta, Espainiako txapelketan. Horregatik, Lauburuk urtarrilaren 25ean, ostiralez, lagunarteko bat jokatuko du AF Antxoren kontra, maila lehiakorra mantentzeko helburuarekin.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu
XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, A. Carlosena (2), Oihan, Andoni eta Zumeta.
Beste parte-hartzeak: Aitzol, Beñat, Garmen, Dani García (1), Adri, Javi Saldise eta Peña.
CD OTXARTABE: Falagan, Yahya, Yeray, Jonatan Vela, Cristian (1).
Beste parte-hartzeak: Iker, Mustapha (1), Jorge, David, Denis, Jonathan Gayoso (1) eta Endika.
TXARTEL HORIAK: Dani García (LAUBURU K.E. IBARRA)/ Yeray y Denis (CD OTXARTABE)
TXARTEL GORRIA: Cristian Blanco (CD OTXARTABE)
GOLAK
0-1 MIN 04 Cristian
1-1 MIN 08 Andoni C.
2-1 MIN 09 Andoni C.
ATSEDENA
2-2 MIN 28 Jonathan Gayoso
2-3 MIN 35 Mustapha
3-3 MIN 37 Dani García
EPAILEAK
Ibon eta Igor García Llanos (Arabako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Dani Dos Anjos de Celís (Gipuzkoako Komitea)