Lauburu K.E. Ibarra Mahala – E.F.S. de Siero “A”
Lauburu Ibarra Mahalak bere ligako hogeita batgarren jardunaldia jokatuko du larunbatean 17:30ean Belabietan, eta bertan Asturiasko Siero taldearekin neurtu beharko du. Egutegiak hala aginduta astebeteko geldialdia egin ostean, Aitor Arevaloren mutilak sasoi onean daudenez, azken asteetan lortutako emaitzak berretsiko dituen beste garaipen bat eskuratzen saiatuko dira.
Asturiasko taldea 23 punturekin hamargarren postuan kokatzen da ligan, eta guztira 103 gol sartu eta 123 jaso ditu. Joaneko norgehiagokan Sierokoek 6-4 irabazi zuten, baina atsedenaldira arte moreak joan ziren 1-3 irabazten. Bigarren zatian bertakoek markagailua irauli zuten.
Larunbateko norgehiagokarako Ibarrako entrenatzaileak jokalari guztiak izango ditu eskura; Martin Ibarbia ere bertan izango da, hiru aste jokatu gabe egon ostean, oineko behatz potoloan zuen minaz osatu baita. Jokalari guztiak eskura dituenez, batzuei deialditik kanpo geratzea egokituko zaie.
Entrenatzailearen hitzetan: “Aldaketetan oinarritzen den defentsa mota erabiltzen duen taldea da Siero; joaneko partidan lehenengo zati on bat jokatu genuen, taldea jokoan eman ziren egoera desberdinak irakurtzeko gai izan zen. Asturiarrek erasoan pibota erabiltzeko ohitura dute eta atezainaren sakearekin batera joko zuzena bilatzen dute. Taldeko atezainak pista erdian eman daitezkeen bandako sakeetan edo distantzia txikietan kanpoko jaurtiketak bilatzeko gaitasuna du. Mota horretako egoeren aurrean adi egon beharko dugu, zailak izaten dira-eta”.
#aukeratuMOREeginLAUBURU
#GoazenLauburuKEIbarra