LAUBURU K.E. IBARRA – F.S. SANTURTZI
Lehenengo zati bikain batean jokoa menderatuz, okasioak eta golak eskura izan zituen norgehiagokan beste hiru puntu gehiago lortu ditu Lauburuk; bigarren zatian berriz, 5x4arekin sufritzea tokatu zitzaion, errenta mantentzeko minutu luzeetan defentsa gogorra egin behar izan baitzuen azken emaitza lortu arte.
Norgehiagokaren hasiera-hasieratik bi planteamendu desberdin ikusi ziren. Santurtzi bere kantxan geratzen zen, zain, baloia ematen eta ibartarren jokoan akatsak bilatzen. Ibartarrak berriz, bisitarien baloi irteera defentsan bertan estutzen zuten, pareko taldearen jokalari onenei pentsatzen eta jokoa sortzen utzi gabe; eta erasoan, baloiaren jabetzarekin pazientzia izaten. Gauzak honela, bizkaitarren kantxan egindako baloi-oste batzuen ondoren, Lauburu erasoan hasi zen. Hirugarren minutuan Antxonek, Danik bandako sakean pasatako baloia bigarren zutoinean jaso eta 1-0ekoa egin zuen. Baina minutu bakarrera, bizkaitarrek berdinketa egitea lortu zuten: ibarrakoen defentsak baloia alderatzea lortu ez zuen jokaldi batean izan zen. Mikel Mozok hamabi metroetara baloia jaso eta ezkerrarekin tiro zuzen bat eginez defentsatik pasa eta Peñak ezin izan zuen geratu. Irudikeria hutsa izan zen hala ere, izan ere, moreek, ikasitako gidoiarekin jarraitu zuten eta okasio eta gol gehiago etorri ziren. Aitzolen 2-1ekoa laster iritsi zen, lehenengo lerroan egindako baloi-oste batean Zumetaren zerbitzua bikain amaitu zuenean. Handik gutxira, taldeko jokaldi polit batean Zumetak egin zuen 3-1ekoa Alejandroren aurrean baloia dotore pikatuz. Markagailuak moreen aldeko emaitza islatzen zuen, baina hauek ez ziren konformatzen eta lau minutu beranduago, beste jokaldi kolektibo batean, Aitzolek Dani atezainaren aurrean jartzea ahalbidetu eta honek 1x1ean partida irabazi zion. Une horretan Santurtzik hutsartea eskatu zuen defentsa doitzeko asmoz, baina Lauburu adoretsu zegoen. Lehenbiziko zatiaren amaierarako lau minutu falta zirela, kornerra ateratzean egindako estrategia jokaldi batean, Aitzolek bigarren zutoinera zerbitzatu eta Zumetak 5-1ekoa egin zuen. Azken minutu hauetan Santurtzik lerroak igo zituen eta arrisku egoeraren bat edo beste sortu zen Peñaren aurrean, baina honek autoritatearekin kitatu zuen.
Aldageletatik bueltan, Santurtzik puntu bat igo zuen bere defentsaren altura eta honek Laubururi jokaldia sortzea zailtzen zion. Bi minutura ordea, presio irteera on batean bizkaitarren defentsa eraitsi eta Antxon eta Aitzolen triangelukatzearen ostean, azken honek, Javi Saldiseri pasa zion ate hutsera 6-1ekoa egin zezan. Azken gol honek Santurtzik bostekoa ateratzea eragin zuen oraindik 17 minutu luze jokatzeko zeudela eta norgehiagokak iraultze bat izan zuen, bisitariek bi minutuetan 3 gol sartu eta alarma guztiak piztu zituztenean, gehienbat. Lehenbizikoa Segurak egin zuen, ibartarrak alderatzen jakin izan ez zuten errebote bat hartu zuenean. Bigarrena Bazagarena izan zen, Ibarrakoen defentsa gutxiagotasun egoeran harrapatu eta ate hutsera bota zuenean. Hirugarrena berriz, Goñik igo zuen bosteko jokoan defentsa ibartarrari partida irabazi ondoren. Hemendik aurrera lanari serio ekin behar izan zion berriro Lauburuk, puntuak ihes egiteko arriskua zegoen-eta. Oihanek Andonik presio irteera batean egindako pase bikain bat jaso zuen eta angelurik gabe geratzen zela ematen zuenean baloia mantso-mantso sartu zen bizkaitarren atean. 7-4a gol lasaigarria izan zen, eta hemendik aurrera Santurtzik bostekoarekin erasotzen jarraitu bazuen ere, Peñak edota defentsa moreak lortu zuten markagailuan aldea mantentzea. Norgehiagokaren azken hatsan gainera, Javi Saldisek defentsan baloia ostu eta bere zelatik ate hutsera botata 8-4koa egin zuen.
Hiru puntu gehiago Lauburuk lortu dituenak eta taldearen dinamika ona ziurtatzen dutenak, azken hiru jardunaldietan hiruna puntu lortu baitute. Honek lehenengo hiru postuetan sailkatzeko aukera zabalduta uzten dio Laubururi liga amaitzeko bost jardunaldi besterik falta ez direnean. Ilusio handienarekin entrenatzen jarraitzea besterik ez dago, Aste Santuen ondoren Mariano Rico Cuellar taldearen kontra beste garaipen bat lortu nahi bada. Apirilaren 27an izango da.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreEginLauburu
NORGEHIAGOKAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Dani (1), Antxon (1), Javi Saldise (2) eta Beñat Aldalur.
Jokatu zuten beste jokalariak:, Aitzol (1), Zumeta (2), Ohian (1), Garmen eta Aitor.
SANTURTZI FS: Alex, Segura (1), Rivas, Mikel Mozo (1) eta Jon.
Jokatu zuten beste jokalariak: Goñi (1), Rober, Bazaga (1) eta Arkaitz
TXARTEL HORIAK: Segura (SANTURTZI FS)
GOLAK
1-0 MIN 03 Antxon 1-1 MIN 04 Mikel Mozo 2-1 MIN 06 Aitzol 3-1 MIN 09 Zumeta 4-1 MIN 12 Dani Garcia 5-1 MIN 16 Zumeta |
ATSEDENALDIA | 6-1 MIN 22 Javi Saldise 6-2 MIN 25 Segura 6-3 MIN 26 Bazaga 6-4 MIN 27 Goñi 7-4 MIN 30 Ohian 8-4 MIN 40 Javi Saldise |
EPAILEAK
David Ocaña Romero (Euskal Komitea)
Borja Reguera Prieto (Euskal Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Daniel Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea)