LAUBURU KE IBARRA – SALA QUINTO F.S.
Pasa den larunbatean Cuellarren lortutako justuko garaipena ospatzeko ere denborarik gabe, Ibarrak ligako beste hitzordua du asteazkenean, maiatzaren 1ean. Sailkapena argitzen doan garai honetan, talde morea Alzira liderraren atzetik doazen bakarrak moreak izatea ahalbidetu dute azken emaitzek, atzeago datozen taldeei 2 eta 4 puntuko aldea ateratzen die-eta; San Juan eta Tafatrans talde nafarrek elkarren artean jokatuko dute jardunaldi honetan. Tesitura honetan asteazkeneko norgehiagokak aukera ezin hobea eskainiko dio talde moreari ligako titulua lortzeko saiakerak agortzeko.
Ez da batere erraza izango. Aragoiko Sala Quinto kategoria honetan partehartze handiena duen taldea da eta salbaziorako aukerak agortzen ari da. Ibin aurrean igandean lortutako garaipenak, multzoko talderik onenetako bat izanda, azken lau jardunaldi hauetan porrota oso garesti salduko dutela garbi erakusten du. Ivan Sanzen mutilak kalitate handiko talde bat osatzen dute eta jokoaren hainbat erregistro oso ondo menperatzen dituzte; horren isla da, sailkapenean nagusi diren talde guztien kontra puntuak lortu izana. Kutxatilan 19 punturekin eta salbaziorako 6 puntura daudela, Quinto de Ebroko taldearentzat final bat izango da asteazkeneko jardunaldia.
Lauburu bestalde, larunbateko esfortzuagatik nekatuta iritsiko da hitzordura, baina geratzen diren lau norgehiagoka hauetan egin beharko duen azken esfortzua egiteko gai dela sinetsita. Alfredo Hualdek eskura jokalari gutxi ditu eta ondorioz, daudenak protagonismo eta ardura berezia hartzen dute. Denboraldiko azken fase honi nahikoa ukituta aurre egin izan dioten jokalariek bere aldetik asko jarri dute norgehiagoka bakoitzean present egoteko. Asteazkenean Zuhaitz eta Joseba bakarrik izango dira baja ziurrenik.
Alfredo Hualderen iritziz: “Oso partida zaila izango dela garbi izan behar dugu. Oso motibatuta etorriko dira beraiek eta denok dakigu intentsitate handiarekin defendatzen eta erasoan min handia egiten dakitela. Pasa den larunbatean morala igotzen duten garaipen horietako bat lortu genuen, baina ez bagara azkar jaisten lurrera, Quintok ustekabe bat emango digu. Lau jardunaldi besterik ez dira geratzen eta horietako 3 etxean jokatuko ditugu, beraz, ezin dugu akatsik egin. Gure jarraitzaileei poz handi bat emateko moduan egon gaitezke eta jokalariek zein teknikoek barruan dugun guztia emango dugu denboraldi honi amaiera bikaina emateko”.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra
Norgehiagoka 12:00etan izango da Belabieta kiroldegian.
Betiko moduan, partidua Klubeko Twitterretik jarraitu ahal izango duzue.
Ez ahaztu: ASTEAZKENA, MAIATZAREN 1ean, 12:00etan.
Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainita, klubeko bazkide guztien artean bi lagunentzako bazkaria zozkatuko da.