LAUBURU KE IBARRA – SALA QUINTO
4-0eko errentara iritsi eta Aragoiarrak joko more on baten aurrean uzkurtuta gol aukera garbi asko eduki ondoren, Lauburuk ezin izan zuen Sala Quinto taldea garaitu Belabietan. Bertakoak erlaxatu eta Zaragozako taldea bere aukeretan eta erremontatzean sinesten hasi zen eta azken minutuan lortu zuen.
Partidako lehenbiziko minutuetatik bi taldeen apustu desberdinak ikus zitezkeen. Ibartarrak baloi irteeran presionatzen zuten Sala Quintori zirkulazioa eragotziz eta Zaragozakoek berriz, bere kantxan zain geratzen ziren akatsak bilatuz kontra bizkorretan ateratzeko. Honela biak, arrisku dezentearekin iristen ziren aurkariaren aldera, baina atezainek markagailua hutsean mantentzea lortu zuten. Seigarren minutuan iritsi zen markagailua ireki zuen gola; Dani bigarren zutoinean zerbitzatu eta Andonik sartu zuen. Gol honek hauspoa eman zion talde moreari eta laster iritsi zen bigarrena, Javi Saldisek egindakoa bandako estrategia sakean urruneko jaurtiketa eginez. Quintokoek ez zuten etsi nahi eta irteera garbi pare bat egin zituzten, baina Peñak eragotzi zien gola. Lehenbiziko zatia amaitzear zegoela, talde morearen triangelukatze bikain bat amaitu zuen Zumetak, Alejandro azpitik gaindituz eta markagailua 3-0ekoan utziz.
Aldageletatik bueltan, bertakoen nagusitasuna garbi ikusten zen eta gol berri batekin berretsi zuten. Andonik lehenengo lerroan ostu eta zutoinaren ondo-ondotik zuzen sartu zuen. Markagailuan 4-0ean, moreak irteera garbi asko izan zituzten norgehiagoka erabakita uzteko, aragoiarrek menderatuta ziruditen, baina ez zen horrela izan eta gehiegi barkatu zen. Gauzak honela, bigarren zatiaren erdialdera bertakoen baloiaren irteeran egindako akats bat penaltian amaitu zen eta Jorgek egindako tiroak 4-1ekoan jarri zuen markagailua. Honek haizetu egin zituen bisitariak eta handik gutxira 4-2koa egin zuten Sergio Tomasek egindako jokaldi pertsonal bat medio. Ibartarrak urduri jartzen hasi ziren, baina minutu bat beranduago, beste antzeko jokaldi batean Aitorrek 4-3koa markatu zuen Alfredo Hualden mutilen desesperaziorako. Lauburuk partidan sartzea lortu zuen berriro, baina ez zituen Alejandroren aurrean beste bi aukera aprobetxatu. Lau minuturen faltan, bertakoen defentsan akats baten ondorioz, urruntze bat Pedrorengan errebotea egin eta poliki-poliki Ibarrako atean sartu zen berdinketara iritsiz. Talde moreak hala ere, bizkor erreakzionatu zuen. Carlosena anaien artean egindako triangelukatze berri batean, Antxonek Javi Saldiseri utzi zion atzetik 5-4koa egin zezan. Hemendik aurrera Ivan Sanz bisitarien entrenatzaileak bosteko jokoa atera zuen. Lauburuk lan ona egin zuen defentsan, asko sufritu gabe, baina zoritxarreko jokaldi bat iritsi zen eta Pedrok egindako jaurtiketa bat Aitzolek ukitu zuen, norabidea aldatuz eta sareetan sartuz zutoinetik gertu. Orduan Ibarrakoek bostekoarekin atera ziren. Lehenbiziko jabetzan Andonik Zumeta ahalbidetu zuen area erdian, baina bere tiroak zutoina jo zuen Alejandro gaindituta zegoenean. Bisitarien defentsak alderatutako kanpoko bi tiroek amaiera latz honek atarikoak izan ziren.
Norgehiagoka amaitu baino askoz lehenago irabazita zegoela pentsatu zen eta Belabietatik ihes egin duten bi puntu izan dira. Azken hiru hitzorduei eta geratzen diren bederatzi puntuei bermearekin aurre egin eta datorren urtean Kopa jokatzeko aukera ematen duten hiru plaza horietako bat lortu nahi badugu,  autokritika egitea dagokigu lantaldean.
Datorren larunbatean, maiatzaren 11n, Ibarrako zaleek maila handiko areto futbolaz gozatzeko beste aukera paregabea izango dute, Belabietara Alacanteko Ibi taldea etorriko baita. Lauburuk beste hiru puntuak lortzeko lehiatuko du eta sailkapenean bigarren jarraitzeko. Oso zaila izango da berriz ere, bisitariek hiru puntura bakarrik daude eta azken segundoetan liderrari norgehiagoka irabaztetik datoz.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu
XEHETASUNAK
SALA QUINTO FS: Alejandro, Aitor (1), Héctor, Sergio (1) eta Pedro (1)
Jokatu zuten beste jokalariak: David, Jorge (1) eta Antonio.
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Andoni C., Javi Saldise (2), Aitzol eta Beñat Aldalur
Jokatu zuten beste jokalariak: Oihan, Andoni (2), Dani G., Garmen, Zumeta (1) eta Aitor.
TXARTEL HORIAK:
Jorge (SALA QUINTO FS)
Antxon eta Garmen (LAUBURU K.E. IBARRA)
GOLAK
1-0 MIN 6 Andoni
2-0 MIN 10 Javi Saldise
3-0 MIN 20 Zumeta
ATSEDENALDIA
4-0  MIN 24 Andoni
4-1 MIN 28 Jorge
4-2 MIN 30 Sergio
4-3 MIN 31 Aitor
4-4 MIN 36 Pedro
5-4 MIN 37 Javi Saldise
5-5 MIN 40 Aitzol (ab)
EPAILEAK
Ruben Sobaler Pesquera (Kantabriako Komitea)
Angel Manchado Pesquera (Kantabriako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Daniel Dos Anjos de Celis (Euskal Komitea)