CDEF LOGROÑO – LAUBURU IBARRA MAHALA
Lauburu Ibarra Mahala Logroñora joango da igandean, CDEF Logroño, bertako taldearen kontra jokatzera. Norgehiagoka 12:00etan izango da, beraz, Ibarrako espedizioa 9:00etan aterako da Belabietatik hiru puntuak etxera ekarri eta jarraitzaileekin aldea handitzeko asmoz.
Errioxarrak 35 punturekin seigarren doaz ligako sailkapenean, Ibarrako taldeak duen puntu kopuru bera, baina hauek bosgarren postuan kokatzen dira. 103 gol sartu dituzte eta 100 jaso; Ibartarrak berriz, 90 sartu eta 74 jaso. Logroñokoek 3-1 sistema erabiltzen dute erasoan, eta defentsan berriz, defentsa altu eta indibiduala. Joaneko norgehiagokan moreek, asko saiatu eta gero, 5-3 irabazi zuten.
Iganderako lantalde osoa izango du eskura entrenatzaileak, ondorioz, jokalariren bat edo beste deialditik kanpo geratu behar izango da.
Entrenatzailearen hitzetan: “Astebeteko geldialdi batetik gatoz, eta ondo entrenatu badugu ere, norgehiagokan nola errendituko dugun ezin da jakin. Aurkariak dituen aldeko eta kontrako alderdiak landu ditugu, beraz, partida on bat egitea espero dugu: bere puntu ahulenari eraso eta bere alderdi onenetatik defendatu. Hiru norgehiagoka geratzen dira eta ahalegin guztiak egin behar ditugu”.