Mikel Raposoren mutilak Euskal Koparen finala jokatuko dute larunbatean 13:00etan, Portugaleteko Pando Aisia Udal kiroldegian. Bertan, Euskadiko txapeldun titulua ez ezik, Espainiako txapelketako aurreko fasean parte hartzeko aukera ere jokatzen da.
Bizkaitarrek denboraldi on bat burutu dute eta edozein aurkari beldurtzeko moduko zenbakiak dituzte. Hango klubak ilusio handia jarri dio aukera honi eta finala mimo handiz antolatu du. Ibartarrak bere aldetik, Gipuzkoako Kopako finala galdu izanaren arantza kentzeko asmoarekin joango dira; aurretiazko ligaxkaren azken jardunaldian Erainen kontra berdinketa egin ostean gol kopuruagatik kanporatuak izan ziren.
Lauburu KE Ibarrak autobusa jarriko du Portugaletera joateko larunbatean. Belabietatik aterako da 10:15ean eta 10 euro kostako da, plazak bete arte. Autobusean izena emateko lauburuke@lauburuke.com helbidera idatzi behar da.
ANIMATU!!!
Lauburu Ibarra Mahala, Ohorezko Maila igandean Eskoriatzara joango da 13:00etan bertako taldearen kontra jokatzera. Ligako azken aurreko jardunaldia izango da. Aitor Arevalorenak Errioxan jasandako porrotaren ostean, garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira igandean. Bi taldeen arteko aurreko norgehiagokak ikusita, datorren hau ere, oso erakargarria izango dela aurre ikusten da.
Bi taldeak 35 punturekin daude eta biak ligako bosgarren postuagatik lehiatzen dira, beraz, norgehiagoka gogorra eta lehiakorra izango da. Debagoienako talde honek 111 gol ditu aldeko eta 93 kontra. Ibartarrak berriz, 91 aldeko eta 77 kontra. Ibarran jokatutako norgehiagokan, azken bi minutuetan 1-2ko emaitza irauli eta 3-2 irabazi zuen talde moreak.
Igandeko norgehiagokan, arrazoi pertsonalak medio, Gurru ez da bertan izango. Beste guztiak han izango dira, beraz, baten batek partidua jokatzeko deialditik kanpo geratu beharko du.
Entrenatzailearen hitzetan: “Eskoriatzaren kontrako partidak oso biziak izaten dira eta xehetasunek erabakitzen dute emaitza; nire ustez, igandekoa ere antzekoa izango da. Bi jardunaldi geratzen dira eta pasa den asteko porrotaren ostean gure alderik onena erakutsi nahi dugu; aurkariaren potentzialaz ohartzen gara eta gure baliabideekin murrizten saiatuko gara, denboraldia aurrera joan den heinean handitzen joan dira-eta”.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra