Larunbat arratsaldean Belabietara hurbildu zen zale andanaren aurrean ikuskizun ederra eman zuten Gipuzkoako areto futboleko adierazle gorena diren bi taldeak. Lauburuk ez zuen ohi bezain trebe jokatu eta tolosarrek norgehiagokako ekintza bakoitzean fede handia erakutsi zuten, moreek markagailuan aurreratzen ziren orduko berdinketa lortuz, eta azken bost minutuetan hiruna amaitu arte.
Lehenbiziko minutuetan Laskorain kontzentratuago ikusi zen, eta defentsan sutsuago. Lauburu berriz, asentatu ezinik ibili zen, baloiarekin mina eragin gabe eta horitxoek talde morearen areara arrisku handiz iristeko baliatu zituzten akatsak egiten defentsan. Birritan jo zuen bisitarien baloiak etxeko atearen zutoina. Estrategia jokaldiekin bakarrik mintzen zuten talde bisitaria Alfredo Hualderen mutilek. Javi Saldisek, banda batean, atezainaren aurrean bakarrik geratu eta ez zuen sareetara sartzen asmatu. Lehenengo zatiaren amaieran Lauburu biziago bat ikusi zen eta aurkariaren arean arriskua sortzen hasi zen, Beñat Aldalurrek bandako jokaldi batean zerbitzu bat jaso eta markagailua 1-0era eraman zuen.
Aldageletatik bueltan, bi taldeak garaipena lortzera atera ziren, defentsa altuekin presio handia eginez, aurkariaren aurreratzea eragozteko. Tolosarrek azkar berdindu zuten, Beñaten bidez, bandako estrategia gol batekin Lauburuko defentsa ustekabean harrapatuta. Hortik gutxira Gaba kaleratu zuen epaileak bigarren txartel horia ateratzeagatik, baina Lauburuk ez zuen nagusitasun hori aprobetxatzen jakin izan. Jokalari kopurua berdindu zutenean Oihanek bakarkako ekintza batean jaurtiketa zuzen batekin 2-1ekoa ezarri zuen markagailuan. Lauburu onenean zegoen eta hirugarrena laster iritsiko zela zirudien, baina Laskorainek berriro berdindu zuen emaitza, bertakoen korner bat ateratzean egindako akats bat medio; Arrak baloia ostu, atearen aurrean jarri eta bakarrik Endika azpitik menderatu zuen.
Aitzolek aurreratu zuen berriro talde morea, bandan batean Narvarte maisutasunez gainditu ostean. Jarraiko minutuetan Lauburuk beste bi okasio garbi ere izan zituen, baina amaitzeko moduak ez ziren onenak izan. Hortik aurrera Narciso Pavok bostekoa atera zuen tolosarren azken erreakzioa bilatu nahian. Hasiera batean ez zuten defentsa morea desegitea lortu, baina zorigaiztoko jokaldi batean, jaurtiketa bat Javi Saldisen buruan errebotea egin eta sarean sartu zen, markagailuan 3-3ko azken berdinketa finkatuz. Geratzen zen denbora apur horretan Lauburuk epika sortu nahian bostekoa atera zuen, baina ez zuen tantorik lortu.
Derbi bikaina eskaini zuten bi taldeak, eta Tolosaldetik Belabietara inguratu ziren 600 bat lagunek golekin eta norgehiagokaren zirraraz gozatzeko aukera izan zuten amaiera arte. Hemendik aurrera ibartarrak akatsak zuzendu eta datorren neurketa prestatzen hasiko dira. Aragoiko lurretara bidaiatu beharko dute larunbatean Tauste taldearen kontra jokatzera.
Norgehiagokaren atsedenaldian, Leaburuko Ostatuan bi lagunentzako bazkari bat zozkatu zen Lauburuko bazkide guztien artean eta irabazlea Maribel Aparicio Ruiz izan zen. Zorionak!!
Gogoan izan, 2019-2020 denboraldian talde morea ikusi eta animatzeko, bazkide egiteko kanpainak martxan jarraitzen duela:
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Jorge, Antxon, Aitzol (1), Zumeta eta Beñat Aldalur (1).
Beste jokalariek: Andoni, Javi Saldise (1, pp), Alvaro, Dani G., Oihan (1) eta Endika.
LASKORAIN K.E.: Odei, Manso, Gabarain, Vazquez eta Juaristi.
Beste jokalariek:  Zabala, Iosu, Múgika, Beñat (1), Arra (1), Cuadrado eta Narvarte.
 TXARTEL HORIAK:
LAUBURU K.E. IBARRA: Andoni eta Oihan
LASKORAIN K.E.: Vazquez, Manso eta Gabarain (2- Kanporaketa)
GOLAK
1-0 MIN 18 BEÑAT ALDALUR
ATSEDENALDIA
1-1 MIN 24 BEÑAT
2-1 MIN 28 OIHAN
2-2 MIN 30 ARRA
3-2 MIN 32 AITZOL
3-3 MIN 38 JAVI SALDISE (p.p)

 EPAILEAK 

 Daniel Fernandez Sanchez (Aragoiko Komitea) 

Ivan Santos Fernandez (Aragoiko Komitea)

 KRONOMETRATZAILEA 

Jose Maria Montero Celaya (Gipuzkoako Komitea)