Larunbatean Tafallara joan ginen sailkapeneko hirugarren sailkatua den Tafatrans Vulcanizados Ruizen aurka jokatzera. Ligako aurkari gogorrenetako bat izanik, 40x20an izango genuen zailtasunaz jakitun ekin genion partidari.

Dani, Chuky, Raul, Gorka eta Zaldua izan zen hasierako boskotea. Lehen minutuetan intentsitate maila handia ipini genuen, eta, besteak beste horri esker, 7. minutuan iritsi zen lehen gola, Raulen eskutik, etxekoek baloi bat galtzean (0-1). Ondoren, lehen zatiaren amaierarako 6 minutura nafarrek berdinketa lortu zuten arren (1-1), segundo gutxiren buruan aurretik jarri ginen berriro (1-2). Aldeko bigarren gol hau Chukyren eskutik etorri zen, eta gauzak ondo egiten ari ginela azpimarratzeko balio izan zuen. Aurrerago, berdinketa lortzeko zorian egon zen Tafa bi jaurtiketa onekin. Dena den, Daniren esku-hartzeei esker atsedenaldia iritsi zen aldaketa gehiagorik gabe.

Aldageletatik itzuli ondoren, hasierako bostekoa errepikatu genuen, eta jakin bagenekien markagailuaren tartea handitu behar genuela denboraldiko hogeita zazpigarren erronka honen helburua ziurtatzeko. Izan ere, espero genuen bezalaxe, aurkaria bere arma guztiekin irten zen, askoz ere indartsuago. Horren aurrean, gure erreakzioa eszenatokia maneiatzen jakitea izan zen, eta Chukyk 1-3koa jarri zuen kontraeraso batean, amaierarako 12 minutura.

1-3koarekin, etxekoek 5eko jokoa aukeratu zuten. Erabakiaren ondoren, arriskuz betetako pase batek eta Raulek gure areatik egindako jaurtiketak 1-4koa ekarri zuten 34:25. minutuan. Jokoaren mailari eutsita, talde batek zein besteak bosgarren falta igo zuten, eta horrek aurkako penalti bikoitza eta Tafallakoen bigarren gola ekarri zituen (2-4, min 37:30).

Gehiagorako gogotsu, Tafak ez zuen amore eman, eta asko gerturatu zen azken txisturako 15 segundora, indarrez betetako jaurtiketa batekin (3-4). Are gehiago, bigarren penalti bikoitz batek sufrimendua areagotu zuen, eta arriskuan ikusi genuen garaipena. Hala ere, baloiak ez zuen sartu nahi izan, eta norgehiagoka erabakita gelditu zen 3-4koarekin.

Garaipen ikaragarri garrantzitsua eta ezinbesteko 3 puntu Ibarrara Play Offaren helburua posible dela berresteko. Partidaren amaieran Diestrok honakoa adierazi zuen: “Oso partida serioa izan da, eta sufritzen jakin dugu. Gaurko esperientziak beste presio-egoera batzuetarako balioko digu”.

GOOOOOAZEN!