Talde moreak Laskoraineko gure bizilagunak garaitzea lortu zuen atzo, Gipuzkoako Kopako final-laurdenenari dagokion partidan. Espero bezala, tentsio, intentsitate eta urduritasunez betetako norgehiagoka izan zen bi taldeen aldetik; baita Tolosako Usabal kiroldegiko harmailak bete zituen zaleen aldetik ere.
Hasiera batean, kiroldegiko beheko kantxan jokatu behar zen partida, baina, beroketari hasiera eman baino zertxobait lehenago, berri ona jaso genuen: azkenean, goikoan jokatuko zuten. Albiste hori oso positiboa izan zen bai jokalarientzat, bai zaleentzat; izan ere, goian askoz ere leku gehiago dago ikusleentzat eta jokalariek intentsitate handiagoz senti dezakete haiek animatzera hurbiltzeko zalantzarik egiten ez duten pertsona guztien maitasuna eta berotasuna.
Horrela, motibazio gehigarri horrekin, hasiera eman zitzaion Kopako partidari. Jokoaren hasiera adierazten zuen txistua entzun ondoren, baloia indar eta azkartasun handiz mugitzen hasi zen. Bi taldeen aldetik intentsitatea oso antzekoa zen arren, Lauburu nagusi egin zen baloi lapurketekin eta oso arriskutsuak ziren jokaldiekin. Hala ere, Alfredo Hualderen mutilek ez zuten atean asmatzea lortzen eta, hala, urduritasuna eta golak sartzeko gogoa handituz joan ziren.
Minutuak aurrera zihoazen Tolosan eta jokoan aldaketa gutxi gertatzen ari ziren, baina, azkenean, Ibarraren gol bat iritsi zen Javi Saldiseren eskutik; zeina, bere lesioaren ondoren, inoiz baino gogo handiagoarekin itzultzen zen. Gol horrek taldearen gaitasunetan sinesten hasteko balio izan zuen. Beti bezala, talde morea euren arteko konplizitatea erakusten ari zen, baloi zirkulazio arin batekin eta Laskorain taldea markagailuan hurbiltzea eragozten zuen defentsa batekin.
Dena den, aipatu beharrekoa da aurkaria ere arriskua sortzen hasi zela. Horrela, zenbait iritsiera garrantzitsu egin zituzten, Lauburuko jokalariak lasaitu ezin zirela ikustarazteko adina. Egoera horren aurrean, tentsioa eta urduritasuna handituz zihoazen eta oraindik ezer erabakita ez zegoen partida baten lehen zatiaren amaierara iritsi zen.
Aldageletatik itzulita, segundo gutxi behar izan zituen talde ibartarrak Laskorainen area ingurura iristeko. Hala ere, behin jokalariak atezainarekin aurrez aurre zeudela, azken honen geldialdiak edo jokalari moreen punteria faltak, jaurtiketa horiek guztiak sarearen hondoan ez bukatzea eragiten zuen.
Laskorainek Alfredo Hualderen taldea oso goitik defendatzen jarraitu zuen eta hauek aurkariaren presioa gainditzeko joko zuzenagoa egiten hasi ziren; zelai erdia behin eta berriz zeharkatzea ahalbidetzen zuten paseak eginez.
Partida amaitzeko 10 minuturen faltan, golik sartu gabe jarraitzen zuten eta, 0 eta 1-ekoarekin, giroa tentsioz betetzen hasia zen. Jokalari guztien, entrenatzaileen eta zaleen urduritasunekin, faltak eta txartel horiak iritsi ziren. Horrek asko areagotu zuen adierazitako urduritasuna eta falta horietako batean, aurkariaren areatik oso gertu, Javi Saldisek baloia atzean utzi zion Daniri. Ondoren, azken honek pase bikaina egin zuen, jokalari guztiak zeharkatu zituena, baloia Aldalurrengana iritsiz, zeina jokaldia gol batekin errematatzeaz arduratu zen.
Horri erantzunez, Laskorainekoek 5-eko jokoaren alde egin zuten. Eta, momentu horietan horrelako erabakia beharrezkoa izan arren, oso arriskutsua ere izaten dela kontuan hartuta, Andonik ate librea aprobetxatu zuen hirugarren gola markagailura igotzeko; pistako beste aldetik egindako jaurtiketa batekin. 0 eta 3-koarekin eta partida amaitzeko 15 segundo falta zirenean, Zumetak, azken baloi lapurketa baten ondoren, behin betiko 0-4-koa jarri zuen.
Urtea amaitzeko modu polita eta merezitako emaitza Laubururentzat. Gogoratzeko moduko partida izango da atzokoa, jokalarien eta Jorge eta Endika gure atezainen lan bikainaren isla. Era berean, Laskorain ere zoriondu beharra dago, partida ona egiteagatik eta Alfredo Hualderen mutilei jokoa zaila jarri izanagatik. Beti da atsegina gure bizilagunen aurka jokatzea, eta, Kopako kanporaketa bezalako partida batek une zehatzetan eragiten duen tentsioa gorabehera, adiskidetasunak irabazi zuen.
Ostiralean finalerdia jokatzea tokatzen da, eta, garaipena lortuz gero, larunbateko final handirako sailkatuko litzateke talde morea. Jokalariak oso motibatuta daude eta Saldiseren itzultzearekin eta, espero dezagun, Oihanen sendatzearekin, Ligako bolada txarra atzean utzi dutela erakusteko prest daude.
Azkenik, Kopako azken txanpan jokalariei babesa ematen jarraitzeko helarazi nahi diegu zale more guztiei eta eskerrik beroenak eman nahi ditugu jokalariei partidaz partida emandako animo guztiengatik.
GOAZEN LAUBURU!!!!