Gure taldeak Burgosko Juventud del Círculo taldearen aurka jokatu zuen larunbatean Belabietan Ligako 11. jardunaldiko partidan. Goiko postuetan mantentzeko borrokan, irabaztea ezinbestekoa zen bi taldeentzat.

Intentsitate handia eta atsedenaldira beharrezko indarrarekin

Antxon, Zumeta, Alvaro, Iñigo eta Endika izan ziren hasierako bostekoa. Mugimendu bakoitzean azkartasun handia egonik, hasi eta segundo gutxira, gure lehen falta egin genuen. Bestetik, aurkariak markagailua estreinatzen zuen baloia jokoan jarri eta 1:35-era (0-1).

Hortik aurrera eta atsedenaldira iristeko asko falta bazen ere, jokoaren intentsitatea medio, Burgosko taldeak bere 5. falta egin zuen. Guk, berriz, laugarrena igotzen genuen. Horrela, bonusetik aurrerako penalti bikoitzek partidako minutu guztiak baldintzatu zitzaketen.

Zentzu horretan, biek jakin zuten egoerari aurre egiten. Gainera, atsedenaldirako minutu bat falta zenean, Danik Iñigo hegalean ikusi eta honek Zumetari uzten zion baloia, hura sare barrura bidaltzeko (1-1). Berdinketarekin, aldageletatik bueltan pistara indar handiagoz irteteko gogoa piztu zitzaigun.

Ezer ez zen erabaki azken segundora arte

Antxon, Zumeta, Iñigo, Dani eta Jorge izan ziren bigarren zatiari hasiera eman ziotenak. Lehenengoan bezala, lehen bost minutuak pasata, hiru falta pilatu zituzten bi taldeek. Are gehiago, ezer gutxi gehiago behar izan zuten 4-rekin jartzeko.

Hortik aurrera, distantziak handitzeko zegoen beharra nabaria zen. Talde moreak behin eta berriz lapurtzen zuen baloia, ondoren aurkariaren arean estilo handiz filtratzeko. Raul Zamorak zuzendutakoek ere arrisku handia sortu zuten. Hala ere, emaitza ez zen aldatzen. Gure kapitaina iritsi zen arte. Bigarren zati honen erdialdean geundela, Iñigok kornerretik atera, Antxonek baloia jaso eta 2 eta 1-ekoa jartzen zuen Belabietan. Aurretik jarri izanak, arnas pixka bat hartzeko balio izan zuen. 

Hala ere, oraindik 9 minutu luze geratzen ziren aurretik eta, espero genuen bezala, bosgarren falta igo genuen. Urduritasuna nabaria zen, baina Daniri, Iñigori eta Zumetari ez zien pultsuak dardara egin eta 3-1ekoa jarri zuten 7:09-ren faltan. Lehen zatian golean eta berdinketan bukatu zen jokaldiaren antzera, Danik Jorgeren baloia jaso zuen, Iñigo eskuin hegalean ikusiz. Azken honek, kontrol handiz, baloia Zumetari pasa eta, atezainaren aurrean bakarrik egonik, 3.na sartzen zuen ibartarrentzat. Hiru jokalariek konplizitate handia erakutsi zuten partida osoan zehar.

3 eta 1-ekoarekin, Burgosko taldea atezain jokalariarekin saiatu zen eta, partida amaitzeko 2 minuturen faltan, markagailuan hurbildu zen pistako jokalari guztiek oso ondo burututako estrategia baten ostean (3-2).

Ondoren, azken txistua entzuteko segundo gutxi falta zirela, edozer gauza gerta zitekeen. Markagailuan aurretik egoteak ezin zuen eragin genituen 5 faltak ahaztea. Eta, ideia hori buruan edukiz, Antxonek partida erabakita uztea lortu zuen. Jorgeren pase luzea jaso, baloia buruz ukitu eta behin betiko 4 eta 2-koa jarri zuen. Horrela, gure taldeak bosgarren garaipena lortu zuen jarraian. Aurkari zuzena zen Burgos eta, amore eman gabe, ez zizkion gauzak batere errazak jarri talde moreari.

Helburuagatik borrokan

Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi zuen: “Bagenekien partida oso zaila izango zela. Aurkariak defentsa maila oso altua du, oso bertikalak dira eta kalitate handia dute. Partida falta askoren dinamikan mugitu da eta oso fisikoa izan da. Lehen zatia oso parekatua izan da, baina berdinketa lortzeko aukera izan dugu eta horrek asko entxufatu gaitu. Bigarren zatian taldea erritmo gehiagorekin aritu da eta maila gehiago erakutsi dugu, aurretik jarriz”.

Garaipena une ezin hobean iristen da. Berriz ere 3 puntu batu eta 25 puntu pilatu ditugu, lortu nahi dugunagatik borrokan jarraituz. GOAZEN LAUBURU!!!!