Gaurko arratsaldea oso berezia izan da Belabietan, hainbat arrazoi medio. Alde batetik, familia more osoa elkartu gara hainbat argazki ofizial ateratzeko. Ekitaldi hori ez zen duela urte batzuetatik egiten, eta faltan botatzen genuen. Bestalde, zorte handia izan dugu gure ibartar Izarne Sarasolak, Realeko jokalari eta munduko txapeldunak, ohorezko sakea egin duelako partida hasi baino minutu pare bat lehenago. Horren guztiaren artean, Belabietako harmailak bete egin dira literalki, eta ez dugu hitzik gure klubarentzat horrek suposatzen duena adierazteko.
Horrela, motibazio gehigarri batekin, Chuky, Boli, Uri, Txiki eta Marcos bostekoarekin hasi dugu partida. Lehen aukera argia Boliren eskutik etorri da, area barruan baloia jaurtitzeko aprobetxatu baitu, atezaina gehiegi atera den abagune batean. Hala ere, defentsetako bat iritsi da baloia urruntzera. Ondoren, talde batek zein besteak arrisku gunera iristen jakin dugu, baina ez dugu asmatu, 14. minutuan aurkako penalti batek Otxartaberen aldeko markagailua ireki duen arte (0-1). Ondoren, atsedenaldirako 1:44ra, bosgarren falta egin dugu eta, beraz, lasaitu egin behar izan dugu penalti bikoitza saihesteko. Are gehiago, gure entrenatzaileak apustu sendoa egin, eta atsedenaldira joateko 40 segundoren faltan, 5eko jokoa aukeratu du. Horri esker, partida berdintzeko zorian egon gara pare bat aldiz.
Aldageletatik bueltan, Boli, Txiki, Uri, Alvaro eta Dani aukeratu ditu Jotak bigarren erdiari hasiera emateko. Lehen bost minutuetan Bilboko taldea hurbildu da kanpoko jaurtiketa indartsuekin, baina ondo kanporatu du baloia denetan Danik. Pixkanaka-pixkanaka, aukera politak ere sortu ditugu, aipagarrienen artean hurrengo biak: Iliasena eta Chukyrena, non Chukyk zutoinari eman dion area erdian jaso ondoren, eta Txikirena eta Urirena, kontraeraso batean.
Hala eta guztiz ere, erasoan oso fin ez geundela eta aurkaria nabarmentzen ari zela kontuan hartuta, 5eko jokoarekin arriskatu da berriro gure entrenatzailea, azken txistua entzuteko 5 minutu eskas falta zirenean. Oraingo honetan joko estilo hori ondo ateratzen ari ez zela zirudien arren, azkenean, 1:41en faltan, gol ikaragarria sartu du Urik eskuin hegaletik. Horrelako gol bat ikusi ondoren, merezi izan du hura iristeko itxaron dugun denbora guztiak. 1-1ekoarekin eta aldaketa gehiagorik gabe, partidaren amaierara iritsi gara.
+1 azken unean, eta partida bat bera ere galdu gabe jarraitzen dugu. GOOOOOOOOOAZEN!!!!!!