Larunbatean Albeldara (Errioxa) joan ginen hamargarren jardunaldiari dagokion partida jokatzera. Azken boladan gauzak ondo ateratzen ari zaizkigulako lortu dugun aparteko laguntzarekin, jarrera horri eusteko gogoz irteten ginen zelaira, dena eman, eta aurretik datorren guztiari ahalik eta hobekien aurre egin ahal izateko.

Horrela, Dani, Oscar, Chucky, Txiki eta Uri hasierako bostekoarekin hasi genuen neurketa. Lehen zatia oso berdinduta egon zen, eta alde batera zein bestera erori ahal izan zen balantza; izan ere, azken minutura arte itxaron behar izan genuen markagailuan aurretik jartzeko (Uri, min 19). Horrela, lehen 20 minutuetan ikusitakoa kontuan hartuta, jakin bagenekien hurrengoak ere oso zailak izango zirela, eta lan handia egin beharko genuela Ibarrara zerbait eraman ahal izateko. 

Aldageletatik itzuli ondoren, Chukyk, Bolik, Urik, Alvarok eta Danik eman zioten hasiera bigarren zatiari. Baloia mugimenduan jarri, eta gutxi aldatu zen egoera. Aurkariak gogor estutu zuen, eta gu ere ondo ari baginen ere, kostatu egiten zitzaigun jokaldiak amaitzea. Dena den, bigarren erdi honen lehen 10 minutuak pasa berri, aurretik jartzea lortu genuen Boliren eskutik. Noski, funtsezkoa izan zen distantziak handitzea, are gehiago jokoaren nondik-norakoak ezagututa.

0-2koarekin, atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuten etxekoek amaierarako 6 minutu baino gutxiago falta zirenean. Saiatu arren, markagailua beste behin baino ez zen mugitu, eta gure alde izan zen, amaierarako 38 segundoren faltan eta Oscarren eskutik. Amaitzeko, zorionak eman nahi dizkiogu aurkariari egindako lanagatik, eta zorterik onena opa diogu hemendik aurrera.

0-3 eta ezinbesteko 3 puntu sailkapenari gehitzeko. Garaipenak Play Off-arekin amets egiten jarraitzeko balio digu; ametsetan bai, baina ESNA, San Juanek eta Tafak atzetik jarraitzen baitigute bi puntu gutxiagorekin. Antzera, Zierbena bizkaitarrak ere oso hurbiletik estutzen gaitu, hiru puntu gutxiagorekin.

Horrekin guztiarekin, larunbat honetan jarrera berarekin jarraituko dugu, helburuak ihes ez egiteko. Gainera, gure aurkari zuzenetako bat hartuko dugu etxean, San Juan nafarra hain zuzen ere, eta beraz, ezinbestekoa izango da ekintza bakoitzean buru-belarri aritzea.

BIDE HONETAN ZUEN LAGUNTZA IZATEA ESPERO DUGU!! GOOOOOOAZEN!!!!