Lehen itzuli biziari amaiera eman ondoren, Pasaiako Antxo AF-ren bisita jaso, eta bigarrenari ematen genion ongietorria larunbatean.
Derbia zentzu guztietan zaila izango zela jakinda, Marcos, Boli, Oscar, Txiki eta Uri bostekoarekin atera ginen pistara, eta lehen zatiaren erdialdera arte itxaron behar izan genuen arratsaldeko lehen gola ikusteko: Chukyk defentsa hondoratu, Urirentzat ireki, berriro jaso, eta bigarren zutoinean zegoen Boliri baloia bidaltzen zionean (1-0).
Gero, 4 faltekin jarri ginenez, kontu handiz ibili behar izan genuen beste bat ez egiteko. Beti bezala, funtsezko faktorea zen aldageletara markagailuan aurretik egonda joatea, batez ere, animoari gogor eusteko. Hala ere, 1-0ekoarekin, Pasaiakoak baloia lapurtzen hasi ziren behin baino gehiagotan, eta, arrisku gunera iritsita jokaldia gauzatzea lortzen ez zutela zirudien arren, atsedenaldirako 1:58ren faltan, asmatu egin zuten, eta urruneko jaurtiketarekin berdindu (1-1). Geroxeago, Uri ere gola sartzeko zorian egon zen, baina baloiak ihes egin zion, eta ez zuen aurrera egiterik lortu. Era berean, Txikiren jaurtiketa indartsu batek aurretik jartzeko aukera eman zigun, baina atsedenaldira 1-1ekoarekin joan ginen.
Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Oscar, Txiki, Uri eta Txikirekin hasten ginen eta, lehen minutuan, zehazki 40 segundo baino igaro ez zirenean, Txikik aurretik jartzen gintuen guztion poztasunerako (2-1). Horrekin batera, aldea handitzeko zorian egon zen Uri, aurkariak lehen zatian gola sartu zuen leku beretik egindako jaurtiketa batekin. 13. minutuan aurkako penalti batek tentsioan jarri gintuen, baina, gure lasaitasunerako, Danik bularrarekin urrundu zuen baloia. Pixkanaka, talde bat zein bestea ekintza politak sortzen hasi ziren. Gure kasuan, adibidez, Urik Chukyrengandik jaso, eta atezaina atzean uzten zuen, baina behin ate aurrean bakarrik zegoela, punteria piskat bat falta izan zitzaion. Hala ere, beste gol garrantzitsu bat iritsi zen amaierarako 11 minutura, oraingoan Chukyren eskutik, Txikik zuzendutako kontraeraso baten ostean (3-1). Handik bi minutura, Antxok beste gol batekin erantzun zuen, falta bat ondo aprobetxatuta (3-2).
Horrela, norgehiagokaren amaiera hurbiltzen ari zela, garaipen goseak estutu zuen. Gainera, atezain jokalariaren alde egin zuen Antxok bukatzeko 4 minuturen faltan, eta hura azken momentura arte mantenduta, neurketa berdindu zuen azken txistua entzun baino 16 segundo lehenago.
Azken bultzada falta izan zitzaigun, baina puntu garrantzitsua batu genuen. GOOOOAZEN!!!