Atzean uzteko moduko partidua ikusi genuen atzokoan Belabietan. Porrota ezagutu gabeko 10 jardunaldien bolada ona amaitu zen, Alfredo Hualderenak ez zuten asmatu jokoan askorik izan gabe oso lehiakor jokatu zuen eta hiru puntuak eraman zituen talde bat gainditzen.
Norgehiagokaren lehenbiziko zatia itogin batek baldintzatu zuen, partidua bera berandu hasteaz gain, hainbat alditan geratu behar izan baitzen eta ondorioz, jokoaren erritmoa asmo mantsotu zen.
Ibartarrak bisitariak baino hobeto sartu ziren partiduan. Bi taldeak bestearen arean saiatzen ziren aurkaria presionatzen, baina tokikoak ziren arriskuak sortzen zituzten bakarrak; estrategia ekintzetan gehienbat. Santurtzi geroz eta erosoago sentitzen zen pistan eta eskenatoki hori erabat aldatu eta Lauburu aurretik jartzeko zorian egon ziren moratuak Beñat eta Zumetak izan zituzten bi aukera garbiekin.
Bisitarien erasoak lehenbiziko zatian Roberrek egindako eta Zuhaitzek bikain alderatutako bi jaurtiketa onetara eta asmatzen jakin izan ez zuten bi kontretara mugatu ziren. Zati honen azken minutuetan bi taldeak akats asko egin zituzten eta ondorioz, markagailuan hutseko berdinketarekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian bisitarien nagusitasuna ikusi zen. Konfiantzarekin, Aitor Larrearen mutilak taldea abantailan jartzeko zorian egon ziren egindako kontra batzuekin. Oihanek, atetik sartzera zihoan Roberren tiro bat buruz salbatu zuen eta Zuhaitzek Santurtziarren hurbilketa arriskutsu pare bat oinekin atera zituen berriro. Lauburu pixkanaka pizten joan zen eta erasoa pazientzia handiagoarekin lantzen hasi zen. Honela iritsi zen tantoa, kantxako lau jokalariek parte hartu zuten jokaldi batean. Andoni Agirrezabala eta Zumetaren arteko triangelukatze batek eragin zuen Zumetak baloia bigarren zutoinera botatzea eta Javi Saldisek errematatzea.
Bigarren zatiaren erdian iritsi zen gola eta garaipenaren bidea erraztuko zuela zirudien, baina ez zen hala izan. Ia jarraian egindako jokaldian, baloiaren irteerako zalantza bat medio, Bazabak baloia ostu, Zuhaitzen aurrean jarri eta azpitik gainditu zuen. Berdinketa honekin talde moratuaren bukaeraren hasiera izan zen, ibartarrak ezin izan zioten kolpeari bueltarik eman. Saiatu ziren, baina bigarren tantoaren bila joateko argitasuna faltatu zen, eta Santurtzi izan zen 9 minutu faltan berriro markagailua astindu zuena. Borja Zuhaitzen aldaratze bat errematatzea zihoanean, Garmenek penaltia egin eta Roberrek bota zuen 1-2koa ezarriz.
Bigarren gol honek min handia egin zuen eta Santurtzik errenta handitzeko beste bi aukera ere izan zituen, baina Zuhaitzek ondo atera zituen. Bost minutu inguru falta zirenean Ibarrak bosteko jokoa jarri zuen pistan, baina ez zuen normalean ematen duen emaitzarik eman. Moratuek arrisku egoerak sortu zituzten, baina beste momentuetako txinparta faltatu zitzaien. Oihan eta Andoni Agirrezabala berdinketa lortzeko zorian egon ziren, baina bizkaitarren defentsa gailendu zen. Partidua beraz, 1-2ko emaitzarekin amaitu zen.
Laburbilduz, azkar ahaztu beharreko norgehiagoka, egindako akatsak analizatu eta hurrengo norgehiagoka prestatzeko aurretik dauden bi astetan zentratu beharko dute. Ibartarrak Nalda bisitatuko duten apirilaren 21ean. Errioxarrak, jaitsiera errealitatea izanda ere, etxean buru belarri jokatzen dute, bertan izandako emaitzak ikusi besterik ez dago. Geratzen diren lau norgehiagokak serio eta dedikazio handiarekin prestatzea tokatzen da, hirugarren postu hori lortzea ibartarren esku baitago. Atzoko estropezuaren ostean, Castellóko Segorbe taldea puntu batera jarri da ibartarren atzetik, beraz, ez dago akatsik egiteko tarterik. Konfiantza berreskuratu behar da, txapelketa guztian eman dituen pozak ematen jarraitzeko.
#GoazenLauburuKEIbarra
PARTIDUAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Agirrezabala, Zumeta, Andoni Carlosena eta Javi Saldise (1). Igor Echarri, Oihan, Dani, Aitzol, Beñat eta Garmenek ere, jokatu zuten.
F.S. SANTURTZI: Marcos, Ivan, Rober (1), Jon eta Xabier. Borja, Markel, Mikel eta Bazagak (1) ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Javi Saldise, Garmen eta Andoni Agirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA) / Borja e Ivan (F.S. SANTURTZI)
GOLAK
1-0 MIN 28 Javi Saldise
1-1 MIN 29 Bazaga
1-2 MIN 31 Rober
EPAILEAK
Imanol, Egia Etxearte (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
Alberto, Grande Ferreño (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
KRONOMETRATZAILEA
Txema, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
Oharra: Danon Txokoak bazkideen artean zozketatzeko eskainitako afariaren irabazlea Javi Mujika izan zen.