Lauburu Ibarra Mahalak bina berdindu zuen Zierbena liderraren aurka Ligako hamazazpigarren jardunaldian. Aitor Arevaloren mutilek partida serioa jokatu zuten, bai erasoan eta baita defentsan ere. Liderrarengandik gertu egon eta 40 minutuetan erasoan aurkariak baina lan handiagoa egin bazuten ere, ezinezkoa izan zen garaipena lortzea. 
Bi taldeak pistako hiru laurdenetako defentsak egiten hasi ziren; aurkariaren ate inguruan errekuperazioak bilatzen saiatuz. Erasoa landuz, talde morea aurkariak planteatutako defentsari erasotzen saiatu zen. Lehen aukerak baloi geldiarekin eta eraso posizionalarekin etorri ziren. Minutuak aurrera zihoazen eta, aukerak gorabehera, emaitza ez zen mugitzen. Horrela, partidako lehen zatia amaitzeko 40 segunduren faltan eta atsedenaldira 0 eta 0-ko berdinketarekin joango ginela zirudienean, aurkaria aurreratu egin zen korner jaurtiketa arrakastatsu bat egin ondoren.
Aldageletatik bueltan, partida erabat ibartarra izan zen. Izan ere, bigarren zatiko 2. minutuan Martin Ibarbiak markagailuan berdinketa jartzea lortu zuen. Arerioak baino martxa bat gehiago zuten piparreroek eta, 9. minutuan, Alvaro Alonsok 2 eta 1-ekoa igo zuen markagailura. Hala ere, poztasunak gutxi iraun zuen; bisitariek berriro ere berdinketa lortu baitzuten. Partidaren azken txanpan sartuta, dena erabakitzeke zegoen eta piparreroak ahalegin guztiak egin zituzten amaierara arte; aurkaria baino gehiago izan zirela eta zorte hobea merezi izan zutela erakutsiz.
Partida amaitzean entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Taldea oso ondo lehiatu da 40 minutuetan eta partida irabazteko dena jarri dugula uste dut baina, beste behin, ez dugu joko ona erakutsi eta horrek porrot zaporea duen puntu bat batzera kondenatu gaitu. Oso pozik nago mutilen lanarekin; izan ere, leialak izan dira jolaserako filosofia bati. Gainera, Zierbena bezalako talde baten aurrean (zeinak banakako talentu indibidual ezberdinak dituen) puntu bat gehitzeko baloizko bi akziori tira egin behar izateak, asko esaten du mutilek egindako lan bikainaz. Azken 6 puntuetatik puntu bat batzeak lehen bi sailkatuen artean geratzeko genuen ametsetik pixka bat urruntzen gaitu, baina azken unera arte borrokatuko dugu hori lortzeko eta, lortzen ez bada, hirugarren postua mantentzen saiatuko gara”.
AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!