Bigarren astez jarraian, Lauburu Ibarra Mahalak beste asteburu bikain bat burutu du eta CD Iturriondo talderi irabazi dio ligako 3. eta 10. jardunaldiei dagokien partidetan. Bi garaipen hauei aurreko asteetako lauak batuta, Ligako liderra izaten jarraitzen du talde moreak. Guztira 18 puntu dituzte, bigarren postuan atzetik jarraitzen dien C.D Apoyo Soldario taldeak baino 3 puntu gehiago.

Larunbatean 3 eta 1-eko emaitzarekin irabazi zuten Belabietan

Larunbatean 3 eta 1-eko emaizarekin irabazi zuten Arevaloren mutilek etxean. Oso partida lehiatua izan zen, bakoitza bere joko estiloari leial izanez. Defentsa oldarkor batekin, bi taldeek akatsak eragin nahi zizkioten elkarri; baloiak aurkariaren atetik gertu berreskuratze aldera. Partidaren pisua talde moreak eraman zuen arren, etxekoek ezin izan zuten lehen zatiko 16. minutura arte markagailua ireki, Oier Goikoetxeak ekintza kolektibo bikain baten ostean baloia sare barrura bidaltzen zuenean (1-0). Emaitza honekin amaitu zen lehen zatia eta dena erabakitzeke zegoela, atsedenaldira joan ginen.

Bigarren zatia ez zen ondo hasi ibartarrentzat; izan ere, baloia jokoan jarri eta 30 segundora, bisitariek markagailuan berdinketa ipintzea lortzen zuten. Hala ere, Arevaloren taldeak egoera kudeatzen jakin zuen, jokoan konfiantza izaten jarraituz. Bultzada horren ondorioz, 13 minuturen faltan, Iker Sanchezek 2 eta 1-ekoa jarri zuen beste ekintza kolektibo bikain baten ostean. 4 minutu geroago, Oier Goikoetxeak 3 eta 1-ekoa igo zuen, kalitate handiz egindako bakarkako ekintza bati esker. Hortik aurrera, saiatu arren, emaitza ez zen gehiago mugitu eta 3 puntuak Belabietan geratu ziren oso osorik. 

Bigarren garaipena igande goizean (0-4)

Igande goizean 7:30ean irten zen taldea Belabietatik larunbateko aurkari beraren aurka lehiatzeko. Aitor Arevalok zuzendutakoek bigarren garaipena lortu nahi zuten eta, larunbateko partidan gaizki egindako gauzak zuzendu ostean, hiru puntu berri lortzeko gogo handiz agertu ziren. Horrela, partidako 10. minutuan, Iñigo Iriartek lehen lerroan egindako lapurreta bat behar bezala gauzatu eta markagaila estreinatu zuen Bilbon (1-0). Ondoren, lehen zatia amaitzeko 50 segundoren faltan, Martin Ibarbiak 0 eta 2-koa igo zuen.

Aldageletatik itzuli ostean, talde moreak intentsitate handia izaten jarraitu zuen eta partidako 7. minutuan, kornerreko sake baten ondoren, Iker Sanchezek gure taldearen 3.na jarri zuen. Defentsan oso partida serioa jokatuta, gure taldeak distantziak handitzeko gogoa zuen eta partida amaitzeko 3 minutu falta zirenean Unax Iglesiasek behin betiko 0 eta 4-koa jarri zuen markagailuan. Gol hau hegaleko sakez egindako ekintza garrantzitsu batekin batera etorri zen. Horrela, emaitza horrekin amaitu zen partida eta beste 3 puntuek bidaiatu zuten Ibarrara. 

Partida amaitzean entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Oso pozik nago asteburu osoan zehar mutilek egin duten lanarekin. Hobetu beharreko akats teknikoen ondorioa nabaritu badugu ere, aukera gutxi eman dizkiogu aurkariari. Era berean, erritmo interesgarria izan dugu baloiarekin eta horri esker oso egoera onak izan ditugu bi partidetan. Dena den, asko kostatu zaigu golak egitea eta horrek partidak ixtea zaildu digu. Faktore hau etorkizunean arazo bihur daitekeenez, zertxobait findu behar dugu alderdi horretan. Azkenik, argi dago geldikako jokoa gero eta hobeto interpretatzen dugula eta horri esker etorri zirela asteburuko gol gehienak”. 

GOAZEN LAUBURU!!!!