Gure helburuak betetzen eta puntuak gehitzen jarraitzearen garrantziaz jakitun, goizeko 8:30etan atera ginen Ibarratik Kantabria bidean Castro Urdiales CFS-ren aurka lehiatzeko.

Taldeak badaki maila honetako norgehiagoka bakoitza erronka bat dela, baina inork ez zuen espero horrelako hasierarik igande goizerako. Izan ere, partida ezin izan zen okerrago hasi moreentzat. Aurkariak bere lehen erasoa burutu eta baloia sare barrura sartu zuen hasieratik 40 segundo bakarrik pasa zirenean (1-0). Ondoren, baloia berriro jokoan jarri eta oso falta arriskutsua egin genuen, gorritxoek bigarrena igotzeko alferrik galtzen ez zuten penaltia eraginez (2-0).

Hain denbora gutxian aurkariak bi gol sartu izanagatik jarrera aldatu beharrean, entrenatzaileak aste osoan azpimarratu zuen indar mental hori ateratzen jakin genuen. Oraindik partida osoa gelditzen zen aurretik eta gure taldeak ondo kudeatu zuen gertatutakoa; gogotsu eta lehen minutu neketsu hori ahazteko helburuarekin. Hala zioen Jotak ere: “Lehen minututik aurrera, partida aurrera ateratzeko arraun egin dugu etengabe”.

Beraz, nahiz eta neurketari lotzea zertxobait kostatu eta zalantza asko izan, atsedenaldira heltzeko 5 minutu pasatxora iritsi zen Iñigoren lehen gola (2-1). Aukera askoren ostean, azkenean kalitate handiko jaurtiketa batekin lortu genuen jokaldia bukatzea. Jarraian, etxekoak hutsartea eskatu zuten, ziurrenik gertatutakoa iraultzen saiatzeko. Hala ere, segundo batzuk geroago, Iñigok beste bat igo zuen kontraeraso batean, hainbeste espero genuen berdinketa markagailuan ipiniz. Hortik aurrera, baloiaren jabe izan ginen eta, garrantzizko aldaketarik gabe, 2 eta 2-ko emaitzarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ondoren, eszenatokia erabat ezberdina izan zen. Lehen zatian ez bezala, bigarren zatiaren hasiera lasaiagoa izan zen eta taldea zentratuago egon zen. Horri esker, 2:40 minutu bakarrik behar izan zuen Antxonek gola sartzeko. Area ertzean defentsa batekin talka egin ostean, gure kapitainak baloia buruz errematatu eta etxeko atezaina gainditu zuen (2-3).

Aurretik jartzea oso garrantzitsua eta beharrezkoa izan zen, baina oraindik minutu luzeak geratzen ziren aurretik eta oso konstanteak izaten jarraitu behar genuen, faltekin kontu handiz ibiliz. Zumeta atezainaren aurrean bakarrik, Dani zutoina urratuz, Antxon, Juaristi eta Raid 3×2-ko erasoan… baina aldea handitu gabe jarraitzen genuen.

Norgehiagokaren azken minutuetan, nabarmena zen bi taldeek gola sartzeko zuten gogoa eta urduritasunak eta tentsioak txartel horiak eta kanporaketaren bat eragin zuten. Aurrerago, 5 minuturen faltan, aldatu gabe jarraitzen zuen markagailuak eta etxekoek hutsartea eskatzen zuten, espero zen bezala, 5-eko jokoarekin saiatzeko. Erasoan aurkariaren nagusitasunak zekarren arriskuarekin, azken txistua entzutear zela eta 15 segundo bakarrik geratzen ziren arren, dena erabakitzeke zegoela zen denon sentsazioa. Hala ere, 11 segundoren faltan, Iñigok eskuin hegaletik sartutako beste gol batek partida erabakita utzi zuen (2-4).

Partidaren amaieran Arreguik honakoa adierazi zuen: “Partida oso gaizki hasi dugu, baina pazientzia handiarekin eta erasoan gehiegi arriskatu gabe egin dugu aurrera. Pixkanaka, presioa sartu dugu defentsan eta bigarren zatian dinamika handiagoarekin eta beldur gutxiagorekin jokatu dugu. Oso pozik gaude”.

Garaipena eta 3 puntu Ibarrara Castrotik. Berriz ere puntuak osorik batu ondoren, sailkapen-taulan postu bat igotzea lortu dugu eta gure helburuan irmoki sinesten jarraitzeko balio digu horrek.

GOAZEN LAUBURU!!!!