Lauburu Mahala Ibarrak Bilbora bidaiatuko du larunbat honetan bertako Gora Bilbao taldearen aurka lehiatzeko. Partida arratsaldeko 20:00etan jokatuko da Abusu-La Peña polikiroldegian. Piparreroak, Elorrietakoren aurka irabazi ondoren, beste garaipen bat gehitzea espero dute, modu horretara, ligako sailkapeneko lehen postuengatik borrokatzen jarraitzeko.

Momentu hauetan, sailkapeneko hirugarren postuan daude ibartarrak 15 punturekin; 5 garaipeneko eta porrota bakarreko balantzearekin. Horrez gain, 3 puntuk bakarrik urruntzen dituzte sailkapenaren buru diren Otxartabe eta Zierbena taldeetatik.

Mikel Azkorrak entrenatzen dituen talde lokalak 6 puntu lortu ditu lehen 6 jardunaldiak jokatu ostean. Zehazki, 2 garaipen eta 4 porrota pilatzen dituzte, 14 gol euren alde dituztelarik eta, 34, berriz, kontra. Etxean jokatutako partidetan, Mar Rock taldea garaitzea lortu dute, 5 eta 0-ko markagailuarekin, baina, aldi berean, 0-8 galdu dute Zierbenaren aurka eta 1-9 piparreroen azken aurkaria izan den Elorrietakoren aurka.

Moreek, larunbateko zitan, ezin izango dute Oier Goikoetxea kontuan hartu. Izan ere, ligako azken partidan kanporatua izan zen eta asteburu honetan zigorra bete beharko du. Baja honetaz gain, litekeena da mister piparreroak besteren bat gehitu behar izatea, lehen taldeak Tafallan jokatzen duen partidan beharren bat izanez gero. Gainerako jokalariei dagokienez, jokatzeko prest egongo dira larunbateko topaketan.

Entrenatzailearen hitzetan: “Gora Bilbao astez aste hazten doan talde bat da eta ziur nago partida zorrotza izango dela. Mikel Azkorra esperientziaz betetako entrenatzailea da eta bere jokalarien etekin handiena ateratzen saiatuko da gu irabazten saiatzeko. Entrenamenduei dagokienez, ez da asterik onena izan, baina, aitzakiarik jarri gabe, gure nibel hoberenean lehiatu behar dugu sailkapeneko lehen postuengatik borrokatzen jarraitzeko beharrezkoak diren 3 puntuak lortzeko”.

Beste alde batetik…

LAUBURU BERAZUBI FISIOTERAPIAK GIPUZKOAKO KOPAKO FINAL-ZORTZIRENAK JOKATUKO DITU!

Jada burutu da Gipuzkoako Kopako zozketa eta Lauburu Berazubi Fisioterapia Mondrate taldearen aurka lehiatuko da Mondragonen. Lauburuk final-zortzirenetara sailkatzea lortu du Bilkoin Legorreta taldeari 1-8 irabazi ondoren, aurreko azaroaren 2an jokatutako bigarren kanporaketan. Irabaziz gero, ibartarrak hilak 30ean burutuko diren final-laurdenetara sailkatuko dira. AUPA LAUBURU!!!!

AURREKO IGANDEAN ESKOLEN ARTEKO TOPAKETA OSPATU ZEN

Lauburuko txikiak topera ibili ziren aurreko igandean ospatutako eskolen arteko Topaketan. Bertan, Eguzki Areto Futbolak, Eskoriatzak eta Antiguokok ere parte hartu zuten. Partidaz betetako goiz bat izan zen, non etxeko txikiek areto futbolaz eta giro paregabe batetaz gozatzeko aukera izan zuten. Mila esker Belabietara gerturatu zineten guztioi!