Lauburu Ibarra Mahala taldeak 5-1 galdu zuen Yesos Castañoren aurka Ligako hamahirugarren jardunaldian. Aipatzekoa da azken metrotan oso ondo jokatzen duten jokalariez osatuta egoteaz gain, bertako taldeak eraginkortasun handia izan zuela erasoan. 
Partida ibartarren nagusitasunarekin hasi eta lehen aukerak haiek sortu bazituzten ere, etxeko atezainak lan paregabea egin zuen. Egoera horren aurrean eta akats larriak zirela medio, Asturiaskoek 3 eta 0-ko emaitza jartzea lortu zuten; gol bakoitzaren artean oso denbora tarte gutxi egon zelarik. Gol horiek kolpe gogorra izan baziren ere, 4 minutu bakarrik pasa ziren partida hasi zeneteik eta, beraz, oraindik joko eta lan asko zegoen aurretik. Horrela, ibartarrek nortasuna berreskuratu eta intentsitatez estutzen hasi ziren. Horri esker, aukera garbiak eta bi penalti bikoitz izan zituzten. Hala ere, ez zuten lortu horiek golean bukatzea eta, hortaz, 3 eta 0-ko emaitzarekin amaitu zen lehen zatia. 
Aldageletatik bueltan, partidari buelta emateko aukeretan sinesten hasi zen talde morea eta gogor atera ziren kantxara. Gogo horiekin, bigarren zatiko 7. minutuan, Aimar Iturriozek markagailuan 3 eta 1-ekoa jarri zuen markagailuan. Beharrezko gol horren ostean, taldeak aukera gehiago sortu zituen, baina, berriro ere, bukaerako jaurtiketan asmatu ezinik jarraitzen zuen. Izan ere, Oier Goikoetxeak ez zuen lortu penalti bikoitz batean baloia sarearen hondora bidaltzea eta, era berean, Iker Sanchez eta Asier Izagirrek beste bi gol sartzetik oso gertu egon baziren ere, bertako atezainak bikain atera zituen kanpora bi jaurtiketak. 
Partidako azken minuetan, puntuengatik gogor lehiatzen eta aldeak murrizten ari zirela zirudienean, Asturiasko taldeko jokalariek beste bi gol sartu zituzten eta 5 eta 1-eko emaitza batekin eman zitzaion bukaera partidari. 
Entrenatzailearen hitzetan:
“Partidako 40 minutuak aztertuz gero, jokoan aurkaria baino gehiago izan garela esan dezakegu, baina, kritikoak izanda, gaur jokoaren bigarren txandakatzera ez gara nahi nukeen intentsitatearekin sartu, eta min egin digun minutu eta erdian 3-0-ko partziala sartu digute. Ezusteko hori gorabehera, taldeak jokoa sortu du eta hainbat aukera izan ditu baloi geldituan, trantsizioan eta erasoan. Dena den, ez dugu asmatu ate aurrean.
Zorigaiztoko minutu hori kenduta, taldeak nortasuna eta partida iraultzeko gaitasuna erakutsi du. Hala ere, eurei esan diedan bezala, kategoriako lehen 5 taldeak aztertzen baditugu, erasoko mailan gol gutxien sartu dituen taldea garela kontuan hartu behar dugu. Horregatik, gure kontzentrazio, intentsitate eta oldarkortasun defentsiboak gorenekoa izan behar du; izan ere, gaur bezalako deskonexio minimo bat arazo bihur daiteke.
30 punturekin amaitu dugu lehen itzulia eta, gehienez 39 puntu lor zitezkeela kontuan hartuta, ez da batere erregistro txarra. Gainera, denboraldi hasieran ez genuen espero horrelako emaitzarik. Hala ere, azken erabakiak hobeto hartuko bagenitu, argi dago puntu batzuk gehiago izango genituela. Azkenik, defentsan gol gutxien sartu dituen taldea garela kontuan hartuta, oso talde solidarioa izateaz gain, defentsako bertuteak ditugula erakutsi dugu”.