Lauburu Ibarra Mahalak Portugaleteko Jarrilleros taldea jasoko du larunbatean 16:00etatik aurrera. Asmoa, denboraldiko hirugarren garaipena lortzea eta ibartarrek ligaren hasiera bikaina luzatzea. Ez dute batere erraza izango moreek ordea, aurrean izango duen taldea, lehenbiziko bi jardunaldietan lortutako zenbakiekin, ezusteko handiak ematen ari da-eta.
Aurten Jubenil territorialeko liga irabazi ostean igo dira Bizkaitarrak jubenilen kategoria gorenera, eta orain arte izan dituzten emaitzak garaipenak izan dira. Lehenbiziko jardunaldian Mar Rock kantabriarra menderatu zuten 0-5eko emaitzarekin eta bigarren jardunaldian berriz, 11 tanto egin zizkioten Elorrietako taldeari, hau, 1ean utziz. Zenbaki hauek ikusita, Aitor Arevaloren mutilak erne jarriko dira, norgehiagoka ahalik eta ondoen prestatu eta irabaztera ateratzeko.
Talde moreak Lugonesen lortutako garaipenaren ostean, ilusioz jarraitu dute entrenatzen, goiko postuetan mantendu eta puntuak pilatzen jarraitzeko gogotsu. Larunbatean Eneko Vinuesa zalantza izango da, eskuineko orkatilatik minez dago-eta. Azken unera arte ezingo du jakin entrenatzaileak, jokalaria osatuko den edo ez.
Entrenatzaileak hauxe adierazi zuen: “Oinarrian lan bikaina egiten ari den klub bat izango dugu aurrean, beraz, norgehiagoka zaila izango da eta oso lehiakorra. Oso ongi entrenatu dugu, baina aurkariak bertuteak dituela ere badakigu eta alderdi horiek garatzen eragozten saiatuko gara, defentsa-lanetan talde sendoa izaten saiatzearekin batera”.
Klubeko gainontzeko kategorietan, Lehenengo Territoriala berriro Lezoko Gaintxuren kontra neurtuko da; portukoek Gipuzkoako Kopan ibartarren kontra galdu eta lehenbiziko errondatik baztertuak izan zirenez, errebantxa nahiko dute; Txubelen mutilak ordea, lantalde berritu bat osatzen dute eta lan bikaina egiteko ilusioarekin egingo die aurre denboraldi berriari.
Ostiralen izango da norgehiagoka hau, 21:50ean Lezon; Jubenil territorialak berriz, Eguzki 2KN taldeari bisita egingo dio Lasarten. Larunbat goizean, 9:30ean jokatuko du bere ligako hirugarren jardunaldia. Gainontzeko taldeak urriak 19 arte ez dute jokatuko.
Gogoratu, larunbatean urriaren 12an, Belabietan:
16:00etan Lauburu Ibarra Mahala – Jarrilleros FS
18:30ean Lauburu KE Ibarra – Patatas Gomez Sala 2012
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez