Gabonen ostean, jokatutako bi jardunalditan lortu dute garaipena Alfredo Hualderen mutilek eta, dinamika positibo horretara iritsita, astero gogor lan egiten jarraitzen dute lortzen ari diren emaitzei eusteko.
Joan den astean Belabietan lehiatu ondoren, oraingoan Laskoraingo bizilagunen aurka jokatuko dute Tolosako Usabal Polikiroldegian. Kantxa barruan zein kanpoan batzen dien hurbiltasunagatik haien aurka jokatzea berezia dela kontuan hartuta, partida zaila eta bizia aurreikusten da. 
Egun, sailkapeneko 9. postuan kokatzen da talde tolosarra; guztira 5 garaipen, 5 berdinketa eta 7 porrota pilatuz. Horrela, 7 dira Lauburu eta Laskorain bereizten dituzten puntuak. Hala eta guztiz ere, gogora dezagun bi taldeak soilik puntu bateko aldearekin egon zirela Gabonetako geldialdia baino lehen, eta, beraz, gogor lehiatuz gero, amaierara arte dena erabakitzeke egongo den partida bat izango da larunbatekoa. 
Bigarren itzuli honetan tolosarrek bi porrot pilatzen badituzte ere, oso joko sentsazio onekin aurkeztuko dira Usabalen. Izan ere, galdutako bi partida horiek Ligako titulurako bi faboritoen aurka jokatu zituzten. Gainera, baja garrantzitsu batzuk izan arren, Narciso Pavok zuzentzen duen taldeak errespetua irabazi du; 40 minutuetan defentsan duen intentsitate eta izaera lehiakorra dela medio. Horri guztiari denboraldian zehar kategoriara egokitu direla gehitu behar zaio eta atzean utzi dutela hilabete batzuk lehenago aurresuposatzen zitzaien esperientzia falta.  
Talde moreari dagokionez, jakitun dira puntuak batzen jarraitzea funtsezkoa dela. “Lehen 4 taldeen artean kokatu nahi badugu, hiru puntuak lortu behar ditugu eta badakigu helburu hori nabarmen konplikatu dela. Horregatik, kantxatik kanpo lagunak eta ezagunak izan arren, partidan hura ahaztu eta dena eman behar dugu; beti ere errespetuz”, zioen aste honetako entrenamenduetako batean Andoni Agirrezabala Lauburuko jokalariak. Bestalde, Xabi Juaristik, orain arte Laskorain taldeko jokalaria zena eta denboraldi honetan Laubururekin jokatzen hasi dena, larunbaterako ere oso gogotsu dagoela esan du; batez ere, azken urteetan jokatu duen eta lagun asko eta oroitzapen handiak dituen talde baten aurka arituko direlako. Horrez gain, bere lesioa zela eta aurreko joanekoan ezin izan zuenez derbian parte hatu, partidak ilusio berezia egiten dio. Bolada txarrari buelta ematea lortu dutela ere gehitu du Juaristik eta dinamika horri forma ematen jarraitu behar dutela. 
Halaber, Ibarrako entrenatzaileak hurrengoa adierazi nahi izan du larunbateko partidaren inguruan: “Prestaketa astero egiten den berbera da, baina partidan 1. minututik 40. minutura kontzentratuta sartzea bereziki landu behar dugu. Era berean, ezinbestekoa izango da konstanteak eta uniformeak izatea eta, batez ere, defentsako intentsitatea lantzea”.
Hori guztia dela eta, Lauburuk zale moreak animatzen ditu Usabalera gerturatu daitezen jokalariei babesa ematera. Partidaz eta eskualdeko derbietan sortzen den giro ezin hobeaz gozatzeko aukera izango duzue eta, beti bezala, zuen indarra ezinbestekoa izango da. 
INOIZ BAINO GEHIAGO BEHAR ZAITUZTEGU! LARUNBATEAN, ARRATSALDEKO 18:30EAN, TOLOSAN, ZUEN ZAIN EGONGO GARA!
GOAZEN LAUBURU!!!!