Larunbatean CD Ciudad de Guadalajara FS taldearen bisita jaso genuen hogeita zazpigarren jardunaldiko partidan. Gure egoeraren jakitun, oso ondo dakigu zer dugun jokoan astebururo, hemendik Liga amaitu arte.

Horrela, Jorge, Boli, Oscar, Chuky eta Ilias bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka. Guadalajarak baloia gure area barrutik ukitu eta zutoina ukitzean arratsaldeko lehen aukera garbia barkatu ostean, presio altua hasi ginen egiten defentsan, baloi galerak eragiteko helburuarekin. Horretan murgilduta, lehen falta igo zuten bisitariek Christian gelditzen saiatzean. Handik gutxira, beste bat egiten zuten Txiki lurrera botatzean, eta, antzeko ekintza batekin, hirugarrena etorri zen. Partidako 7. minutuan geunden eta ezin genuen aukera bat ere alferrik galdu. Horrela, Oscarren eskutik iritsi zen lehen gola, Christianen zerbitzura, faltatik pasea eginda (1-0). Beti bezala, funtsezkoa markagailuan aurretik jartzea intentsitatea eta motibazioa mantentzen jarraitzeko.

Aurrerago, Iker eta Christian ondo konpondu ziren erasoko trantsizioan, eta 2-0ekoa ekarri ahal izan zuten. Defentsari bizkarra irabazten zion lehenengoak, eta bigarrenak paralela on batekin ematen zion baloia. Orduan, atezainaren aurrean geratu zen Iker, bakar bakarrik, baina ez zuen asmatu azken metroetan. Antzera, hurbiltzen hasi zen Guadalajara, Jorgek salbatutako ekintza pare batekin. Tentsioaren ondorioz, laugarren falta igo genuen bi taldeek atsedenaldirako 5 minutura eta, emaitza kontuan hartuta, oso arriskutsua izan zitekeen beste bat egitea.

Horrela, jada lehen zatiko azken 2 minutuetan murgilduta, gure area barruan pilota galdu eta aurkariak partida berdindu zuen (1-1). Minutu bat geroago, Christian eta Boli kontran atera ziren berriro, baina ez zuten jokaldia amaitzea lortu. Beste aldaketa nabarmenik gabe iritsi zen atsedenaldia.

Aldageletatik itzuli ondoren, Jorge, Christian, Ilias, Chuky eta Oscarrekin eman genion hasiera bigarren zatiari. Lehen minutuetan, bi aukera polit sortzen genituen, eta helburua lortzeko zorian geundela sinistu genuen. Hala ere, 3. minutuan, Guadalajarakoek aurrea hartu zuten markagailuan, baloia euren zelaitik gure areara iragazita (1-2).

1 eta 2-koarekin, martxa bat gehiago sartu beharra zegoen partidak alde ez egiteko. Aprobetxatu gabeko hainbat aukera burututa sartu ginen azken 10 minutuetan, eta egoera zaildu egin zen bosgarren falta igotzean; izan ere, 7 minutu luze gelditzen ziren amaierarako.

Horrek dakarren guztiarekin, 5eko jokoaren aldeko apustua egin genuen. Ondorioz, eutsi, eta dena eman behar genuen. Hala ere, Guadalajarakoek asmatu egin zuten defentsan, eta bikain aritu ziren bi atezainak. Horri guztiari esker, norgehiagokaren amaiera iritsi, eta 400km bidaiatu zuten 3 puntuek. 

Min handia ematen duen porrota. Ez dugu lortu hemendik azken jardunaldira arte ezarritako lau helburuetako lehena, beraz, lanean jarraitzea besterik ez da gelditzen, gugan sinistuta. Zaleei zor diogu. Taldeari zor diogu. Hau ez da oraindik amaitu. GOAZEN LAUBURU!!!!