Espainiako Kopako finala zela eta asteburuan izan genuen atsedenaldiaren ondoren, bihar, 18:30ean, Belabietara itzuliko gara Ligako 27. jardunaldia jokatzera. Horretarako, CD Ciudad de Guadalajara FS-ren bisita jasoko dugu, 18 puntu pilatuta sailkapeneko azken-aurreko postuan kokatzen den taldea. 

Zalantzarik gabe, aurkaria ez dago bere momentu onenean eta duela hilabete gutxi izan duten teknikari-aldaketa gehitu behar zaio horri. Gainera, gure taldearen aurka galduz gero eta, jakina, gainerako emaitzen arabera, ezin izango dute jaitsieratik ihes egin. Horrela, ziur dena emango dutela egoera hori saihesteko, eta kategoriari eusteko aukerak luzatzeko.

Era berean, gure taldearentzat ere ezinbestekoa da 3 puntu batzea. Helburua argia da aspalditik: postuak igo, eta azken asteetako dinamikari gogor heldu; izan ere, ezin dugu ahaztu erlaxatzetik urrun gaudela, eta jaitsieran ez erortzeko borrokan jarraitzen dugula. Beraz, gure kasuan ere, salbatzeko final bat bilakatu da partidetako bakoitza.

Horregatik, klubetik dei egin nahi diegu gure zaleei, beste asteburu batez Belabieta bete dezagun gure indar guztiak elkartuta. GURE MUTILEK DENA EMANGO DUTE! ZUK? ZURE ZAIN GAUDE! GOAZEN LAUBURU!!!!