Bihar, arratsaldeko 18:00etan eta urtebete baino gehiagoren ondoren, zaleen aurrean aurkeztuko dugu 2B mailako gure talde berria denboraldi-aurreko azken lagunartekoarekin

Txapelketa hasi eta astebetera, gure lehen taldeak Mahastiak La Bastidaren aurka jokatuko du etxean, 2021-2022 denboraldiaren aurkezpen gisa. Belabietan gure zaleen falta izugarria sumatu ondoren, azkenean iritsi da eguna haietaz guztietaz berriro gozatzeko.

Hori ez ezik, gure entrenatzaileak Klub bisitariarekin duen 15 urteko harreman estua kontuan hartuta (entrenatzaile, jokalari eta baita zuzendaritzako kide bezala), partida benetan berezia izango da biharkoa. Klubaren lehen urteetan jada bertako kide zen Jota. Hasieran Gasteizen kokatua zegoen hura baina, aurrerago, Arabako hiriburuan 10 urte baino gehiago eman ostean, Bastidara joatea erabaki zuten. Bertan, Arreguik beste 3 urtez jarraitu zuen, taldea zuzenduz. 

2B mailara igo berri den talde batez ari bagara ere, tradizio handia du bertan. 2015-2016 denboraldian jaitsi ziren eta, ondoren, Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igotzea lortu eta iaz Liga irabazita, orain, berriz ere, beren lekua berreskuratu dute. Hala, Arabako Errioxako eta Gasteizko jokalariekin, haietako asko gazteak badira ere, esperientzia handiko taldea osatzen dute elkarrekin. Are gehiago, Jotak ondo ezagutzen du arabarren misterra den Ivan Mulas (bere entrenatzailea izan baitzen 8 urtez) eta, bere ustetan, “ideia argiak” dituzte, baita “presiotik irteteko dinamika ona eta defentsa sendotua” ere. 

Gure taldeari dagokionez, partida garbia eta kontaktu handirik gabekoa izatea espero dute; Anaitasunan Xotaren aurka jokatutakoaren antzekoa, zorrotza izan zena baina lesiorik eragin ez zuena. Hala ere, kirol arloari dagokionez, puntu bat gehiagorekin ekingo diote Ligaren gertutasuna dela eta. Deialdian Boliren bajarekin jarraituko dugu, dakizuen bezala Ibararteren aurkako partidan lesionatu egin zen eta. Halaber, litekeena da Oscarrek atseden hartzea, asteko entrenamenduetako batean eragindako molestiak medio, lehen jardunaldiari lehentasuna emateko asmoz. Horrela, denboraldi-aurrea hasi zenetik 2Bko dinamikan murgilduta dauden Euskal Ligako jokalarien laguntza izango dugu berriro ere.

Beraz, biharkoa neurketa esklusiboa izango da arrazoi berezi askogatik. Jotak aitortu digunez, taldeak “zer izan nahi duen erakustea” da bere nahia entrenatzaile gisa.

GURE MUTILEK DENA EMANGO DUTE, ZUK? ZURE ZAIN GAUDE!! GOAZEN LAUBURU!!!! Gogoratu sarrera dohanik dela baina tikea eskuratzea beharrezkoa izango dela partida ikusi ahal izateko!! Linka hemen: https://lauburuke.com/producto/lauburu-k-e-ibarra-mahastiak-labastida-aurkezpen-ofiziala/