Lauburu Mahala Ibarrak banako berdinketa egin zuen Rodilesen kontra Villaviciosan (Asturias). Ibartarrei Liher, Ion Ander eta Paulen bajak, eta partidua hasi aurreko Malkorraren ondoezak, taldearen errotazioan eragin zien, dezente murriztu zuelarik.
Moratuek partidu honen garrantziaz jakitun eta errotazioen zailtasunak ikusita, pista erdian jarri zituzten lerroak, tokiko taldearen jokoan akatsak sortzeko helburuarekin. Rodiles taldeak 1x1eko ekintzetan eta pibotean oinarritu zuen bere jokoa.
Norgehiagokaren lehenengo aukerak Lauburu Mahalarentzat izan ziren, tokiko defentsari min handia egiten zien sakoneko korteak eginaz, baina Asturiasko atezainaren abileziak markagailua geldirik mantentzen zuen. Ibartarrak defentsan serio agertzen ziren pibotari paseko lerroak itxiz eta esfortzu kolektiboan eskuzabal agertuz.
Minutuak pasatzen eta markagailuak zeron jarraitzen zuen; lehenengo zatiaren amaierarako 5:45 minutu falta zirela, ongi gauzatutako estrategia ekintza baten bidez, Asier Aierbek 0-1ekoa egin zuen. Gol honek tokikoak espabilatu zituen eta bi minutu beranduago, Bernardok egindako ekintza on bat medio, baloiak zutoinean jo zuen. Emaitza honekin amaitu zen lehenbiziko denbora, Aitor Arevaloren taldea orokorrean, defentsa-lerroan oso sendo egon zelarik.
Bigarren denboran Lauburu erasoan murgildu zen, tokiko atezainaren abileziagatik Aitor Sanchezek egindako bi jaurtiketek ez zuten markagailua mugitu. Berriro minutuak aurrera eta nekea nabaritzen hasi zen ibartarren taldean; lanketa egitea kosta egiten zitzaien eta partidua aurrera ateratzeko sufritzea tokatu zen.
Zortzi minutu falta zirela Rodilesek, Bernardoren bidez, berriro zutoinera bidali zuen baloia. Norgehiagokaren azken minutuak eta bisitariek bertako taldearen erasoen defentsan ziharduten. 5:15 minutu besterik ez amaierarako eta bandako sake batean, Txubelek bere atean sartu zuen baloia bigarren zutoinetik aldaratu nahian.
Edozer gauza gerta zitekeen, alde batek edo besteak irabaz zezakeen norgehiagoka; Ibarrako gazteak saiatu ziren, baina emaitza ez zen gehiago mugitu. Ondo merezitako puntua gehitu zuten ibartarrak larunbatean.
Neurketaren ondoren, taldeko kapitaina den Asier Aierbek irakurketa hau egin zuen: “Asturiaserako bidai gogorraren ostean, bere pistan oso zaila den talde baten aurka jokatu behar izan dugu, eta bagenekien zerbait positiboa atera ahal izateko, gogor egin beharko genuela lan. Baja kopuru altua kontuan hartuta, taldeak lan bikaina egin du, honelako egoera zailean puntu bat gehitzea eta galdu gabeko hiru partida jarraian pilatzea lortu dugu. Honek astean zehar lanean jarraitzeko konfiantza ematen digu”.
Klubeko gainontzeko taldeentzat jardunaldi emankorra izan da, guztiak irabazi baitute. Eta azpimarratzekoa Bigarren B Maila Nazionalak Iruñean egindakoa: lau segundo faltan sartutako golarekin lortu baitzuten garaipena. Alfredo Hualderen taldeak asteazkenean Gipuzkoako Kopan egingo du debuta, Lasarten Lehenengo Territorialeko Ventanas Isu taldearen kontra partidu bakarrera jokatuz. Abenduaren 30ean Donostian Gasca Pabilioian ospatuko den finalerako txartela izango du helburu.
Emakumezkoen taldeak, lehenengo territorialak, jubenilak eta kadeteak irabazi egin zuten, eta bakoitza bere lehiaketan aurreratzen doa, ligaren erdira iristen ari geran honetan, guztiak sailkapeneko goiko postuak betetzeko lehian baitaude.
Infantilen partidak atzeratu egin ziren elurragatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkuak jarraituz.
Jarraian, jardunaldiko emaitzen taula: