21-22 denboraldiari amaiera emateko lau jardunaldi falta direnean, klubak ilusio handiz iragartzen du Jotak 2Bko taldea zuzentzen jarraituko duela. Horrela, entrenatzaile gasteiztarrak hirugarren urtea beteko du jarraian lehen taldearen buruan.

Jota ez zen garai errazean estreinatu Lauburun; izan ere, bete-betean harrapatu zuen pandemiak. Hala ere, oso emaitza onak lortu ziren eta gutxi falta izan zen Bigarren Mailara igotzeko Play Off postua eskuratzeko. Bere ibilbidea positiboki baloratuz, beste denboraldi baterako berritu zuen eta, oraingo honetan ere, hainbat egoera gogorrei egin behar izan die aurre, batez ere, plantilla ia osorik berregituratu behar izan zela kontuan hartuta.

Klubeko kirol-zuzendaritzak Gabonetan proposatu zion jarraipena Jotari, teknikari gasteiztarraren lana zalantzarik gabekoa zelako, eta argi zegoelako lana eta emaitzak ez doazela beti eskutik. Gainera, denboraldian zehar izandako gorabeherek emaitza horietan pisu handia zutela jakinda, ezerk ez du zalantzan jarri klub morera iritsi zenetik egindako esfortzua.

Dena den, sailkapenari lotuta egun bizi dugun errealitateak ez zuen albistea aurreratzeko aukerarik ematen, eta orain arte itxaron nahi izan dugu, egoera zertxobait bideratze aldera. Beraz, salbazioa lortzeko borrokan jarraitzen dugularik, klubak egokitzat jo du akordioa publiko egitea, nahiz eta jakin badakigun jaitsiera posible batek gertaeren nondik norakoa alda dezakeela. Apirilean gaude eta asteak daramatzagu datorren denboraldiko ildo nagusiak lantzen, bi eszenatokiak une oro maneiatuz.

Horrekin lotuta eta albistea dela eta indarberrituta, gure entrenatzaileak adierazi nahi izan du une honetan bere pentsamendua bakarra dela: 2B mailan mantentzea. Etorkizuna zalantzazkoa dela jakinda ere, esan digu hau dena lanean jarraitzeko eta geratzen diren partidei aurre egiteko berrespena baino ez dela, betiere zuzendaritzaren babesarekin. Arreguik asko eskertzen du beregan jarritako konfiantza. 

Lauburuak ere eskerrak ematen dizkizu, Jota. Elkarrekin jarraituko dugu bidea egiten. GOAZEN!!!!