Jubenilen Ohorezko Mailaren denboraldi berriaren hasiera kategoriaren berregituratzeak markatu du, hirugarren multzoak nozituko ez duen jaitsiera proposamen bortitz bat medio, 19/20 denboraldian 10 multzo izatetik 8 izatera pasako baita. Gazte ibartarrak, kamiseta morearen alde, jarraian egingo duten bosgarren denboraldia izango da; iparraldeko zonako multzoa berreskuratu zenetik klubak egindako apustua izan da eta talde faltagatik multzoa ez desagertzeko lanean egindako esfortzua izugarria izan da.
Zorionez, egungo denboraldian  eta bost urte hauetan lehenbiziko aldiz, Jubenilen Ohorezko Mailako hirugarren multzoak 14 talderen presentzia izango du. Bost urte hauetan ez da dena sakrifizioa izan moreentzat, ligako bi titulu eta Espainiako Jubenilen Txapelketan bi partehartze historiko lortu baitituzte. Azpiko kategorien artean egiten den Estatu mailako txapelketa gorena da Espainiako Jubenil kategoriako txapelketa hau, eta Belabietan, areto futbol nazionaleko panoraman dauden talde onenetako bat edo beste ikusteko parada izan dugu, Murtziako El Pozo taldea, adibidez.
Lauburu Mahala Ibarrak igande honetan ligako bere lehenbiziko norgehiagoka jokatuko du 12:00etatik aurrera. Talde moreak liga nazionaleko harrobirik handienetakoa duen Xota talde nafarra jasoko du Belabietan. Kasualitatez, iazko denboraldian ere, ligako lehenengo partidan bata bestearen kontra jokatzea tokatu zitzaien. Egun hartan, Irurtzunen neurtu ziren eta bertakoek irabazi zuten 7-0eko emaitza eginez.
Itzulerako norgehiagokan ibartarrak 5-1eko sendo batekin irabazi zuten. Irurtzungo taldea belaunaldi handi bateko jokalariez osatua dago, eta hauek duten kalitatea garbi utzi zuten iazko urtean Espainiako Kadeteen Txapelketako finalaurrekoetara iritsiz. Aurten beste entrenatzaile bat dute, baina jubenil adinekoak diren jokalari asko hirugarren mailako taldearekin egin dute aurre-denboraldia, eta baten batek lehenengo taldearekin ere bai. Honek erakusten du aurten Juanpe Arregik entrenatutako mutilak oso bizi iritsiko direla lehiaketaren lehenengo hitzordura.
Ibartarrak berriz, belaunaldi aldaketa prozesu batean daude eta Aitor Arevalo entrenatzaileak proposatzen dien defentsa zein eraso jokoen sistemetara egokitzen jarraitzen dute. Bost aste prestatzen egon ostean, liga hasieraren aurrean ilusio handiarekin daude, astez aste eskarmentua eta jakintza barneratzen doazen heinean hobetzen joango direla jakitun.
Entrenatzailearen hitzetan: “Mutilek aurre-denboraldian egindako lanarekin oso pozik nago; emaitzak ez dira nahi genituzkeenak izan, baina gainditu behar dugun prozesu baten parte da. Denboraldi guztian asko aurreratuko du taldeak, pazientzia izan behar dugu, eta iazko lantaldearen %35ak bakarrik jarraitzen duela gogoan izan; gorputzak eta gaitasunak ez dira berdinak. Ea norgehiagoka on bat jokatzen dugun eta Xotaren kontra parez pare lehiatu, berri bikaina izango litzateke”.