Lauburu Ibarra Mahalak ligako hamaikagarren jardunaldia jokatuko du larunbatean, eta Logroño CDEF talde errioxarraren kontra izango da. 16:00etan hasiko da norgehiagoka eta ibartarrak ligako hirugarren garaipena jarraian lortu nahiko dute, ligan igotzen jarraitzeko.

Errioxarrek aurtengo denboraldian estreinatu dira kategorian, eta orain arte 16 puntu pilatuta, sailkapeneko bosgarren postuan kokatu dira. 50 gol sartu eta 38 jaso dituzte, azken hiru norgehiagoketan guztira, 26 sartu dituztelarik. Partidako, bataz beste 5 gol sartzen dituzten talde erasokor honi egin beharko dio aurre talde moreak.

Entrenatzaileak hitz hauek eskaini zituen: “Etxetik kanpora oso ondo lehiatzen ari den eta potentzial handia duen aurkaria izango dugu aste honetan. Sartutako golen bataz besteko kopuru altua du, beraz defentsan argi egon beharko dugu, guk geure aukerak sortu ahal izateko. Konfiantza handiarekin iritsiko gara norgehiagokara eta irabazi eta konbentzitu egin nahi dugu; ez da erraza, baina taldeak geroz eta hobeto jokatzen du eta etxean erakutsi nahi dugu hori, hasieratik amaierara partida oso bat jokatuz”.

Abenduak 15eko larunbatean Lauburuko lehenengo taldeak ere, bere ligako hamalaugarren jardunaldia jokatuko du Belabietan, La Unión Calatayud taldearen kontra. Norgehiagoka honen atsedenaldian, Klubak txokolatea eskainiko dio afizioari 2018. urtean jokatuko duten azken partida izango delako.