Lauburu Ibarra Mahalak 3-1 irabazi zion Asturiasko Rodiles taldeari eta bigarren itzuliko talderik onena izaten jarraitzen du. Ibartarrak 7 norgehiagoka irabazi eta berdinketa bat egin du bigarren itzuli honetan, eta Belabieta beren gotorlekua bilakatu da, liga guztian bertatik pasa diren taldeetatik inork ez baitu garaipenik lortu, etxean jolasten duten oro, gazte ibartarren sendotasuna agerian geratzen da.
Sailkapenean azken postuan zegoen talde baten aurrean jarri ziren moratuak eta etxekoentzat partidu erosoa izango zela aurreikusi zitekeen, baina entrenatzaileak astean zehar jokalariei jakinarazi zien moduan, erasoan zein defentsan oso ideia garbiak dituen taldea da Asturiaskoa. Erasoan joko bertikala egiten du, ia elaboraziorik gabe pibotarekin konektatzeko. Partiduaren planteamendu hau ez da Lauburukoen ezaugarrientzat egokiena, baina ibartarrak neurria hartu zuten defentsan partidu guztian zehar, 6 jaurtiketa bakarrik jasan zituelarik.
Partidua tokikoen jabetzarekin hasi zen, baina azken metroetan ez zuten asmatzen. Azken asteetan ikusi den moduan, Belabietako pista ez dago kirol hau praktikatzeko baldintza egokietan eta jokalariek irrist egiten zuten erabat, jokoaren ikuskizuna ahulduz.
Jokalarien ziurgabetasuna agerian geratzen da Ibarrako kantxan jokatzen den guztietan. Hala ere, Aitor Arevaloren mutilak erasoan pazientzia hartzeko gai izan ziren, 10 metroetan itxi zen defentsa baten aurrean ekintzak bilatuz. Aukerak ugari estrategia ekintzetan eta posizio erasoan, baina hutseko berdinketan jarraitzen zuten. Lehenengo zatia amaitzeko lau minutu falta zirela, bandako sake bateko estrategia ekintza batean, Ion Ander Cuadradok 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Lehenbiziko denbora emaitza horrekin amaituko zen ustetan, kornerretik ateratzeko ekintza bikain batean Aitor Sanchezek 2-0ekoa markatu zuen eta halaxe amaitu zen lehen zatia.
Bigarren zatiaren hasiera ez zen tokikoen aldeko jarri, minutu bat baino gutxiagotan markagailuan tartea gutxitu baitzuten. Gol honek konfiantza eman zien, baina beren planteamendua ez zen lehenengo zatitik aldatu, defentsa 10 metroetara jartzen jarraitu zuten, akats bat aprobetxatuz kontra batean ateratzeko. 13 minutu falta zirela, bisitariek, kanporaketa bat medio, jokalari gutxiagorekin geratu ziren. Baloia pazientziaz mugitu eta ekintza onak eginda ere, emaitzak lehengoan jarraitzen zuen. Aukerak sortu bai, baina golaren aurrean asmatzen ez, xehetasun txikienak ere puntuak ihes egitea eragin zezakeen.
3 minutu falta zirela, Asier Colasek 2x2ko trantsizio azkar batean 3-1ekoa sartu zuen eta Asturiaskoek atezain jokalariarekin saiatu baziren ere, emaitza honekin amaitu zen partidua.
Entrenatzaileak ondoko balorazioa egin zuen: “Hasiera batean, Castro Urdiales taldea zoriondu nahi dut, egin duten txapelketa bikainagatik eta liga irabazteagatik. Denboraldi ona egin dute eta kategoriako talderik erregularrena izan da. Norgehiagokari dagokionez, lehenengo zati oso ona jokatu dugu, baina gola sartzea asko kostatzen zaigu. Gol gutxien sartzen dituen laugarren taldea izateak asko arduratzen gaitu. Ez zen partidu erraza, baina ontzea lortu dugu eta aurrera ateratzeko adina pazientzia izan dugu. Taldea ere zoriondu nahi dut egindako esfortzuagatik, baldintza txarretan entrenatzetik gatoz-eta; pista oso baldintza kaxkarrean egon da aste guztian, itoginak, hautsa…, erabat oinak garbitzen egotea ez da entrenatzeko baldintzarik onena. Bi norgehiagoka geratzen dira ligan eta hiru helburu ditugu: bigarren itzulian gol gutxien jasan dituen taldea izatea, lortutako puntuetan bigarren itzuliko talderik onena izatea eta Belabieta garaitezin uztea denboraldi osoan”.