Lauburu Mahala Ibarra CD Gora Bilbao taldearen aurrean neurtuko da larunbatean Belabietan, 16:00etatik aurrera. Bilbotarrak, hiru punturekin, azken aurreko postuan daude sailkapenean; talde erasokorra da, estatistikek halaxe erakusten dute. Orain arte jokatutako 6 jardunaldietan 28 gol sartu dituzte, hau da, partidako lau gol baino gehiago. Bestalde, 33 gol jasan dituzte, partidako bost gol baino gehiago.
Asteburuko norgehiagokan azken unera arte zalantza izango dira Liher eta Paul Rueda, biak Klubeko fisioterapeutarekin dabiltza lanean, dituzten molestiak osatu nahian.
Entrenatzaileak balorazio hau egin du: “Partidu tranpa izango da, multzoan talentu gehien duen taldearen aurrean baikaude. Erasoan norgehiagoka bikainak jokatu izan dituzte, Castro eta Xotaren aurrean puntuak ateratzeko hurbil egon direlarik. Honek oso talde lehiakorra dela erakusten du. Defentsan kontzentrazio maila oso altua izan behar dugu eta ezin gara joan etorriko partiduak jokatzen hasi, honelakoetan gu baino gehiago baitira. Dohain asko ditugu nahi izanez gero, eta larunbatekoa heldutasun froga bat da; geure buruari asko eskatzen diogu, eta garaipenaz gain ongi jokatu nahi dugu, ikuskizun ederra eman”.
Honen ondoren, 18:30ean Bigarren B Mailako taldeak Errioxako Nalda taldearen aurka jokatuko du. Amets egiten jarraitzeko aukera bikaina izango da, 11 jardunaldi egin ostean, inoiz ikusi ez den sailkapena suertatu baita, buruan lau taldeekin eta Alfredo Hualderen taldetik hiru puntura besterik ez.
Klubeko beste talde guztiak denetariko jardunaldiak izango dituzte, tartean partidu erakargarriak izango direlarik, kadeteak Belabietan 13:00etan Herrikideren kontra jokatuko duena adibidez. Gazteak liga bikaina ari dira egiten, beldurtzen duten zenbaki batzuekin; Mikel Raposoren mutilak, oraingoan, aurkariak erasorako duen potentziala geratzeko erronka izango dute. Eskolatik elkar ezagutzen duten jokalari asko daude Tolosako taldean