Joan den larunbatean Ligako lehen jardunaldia jokatu genuen, eta Zaragozara joan ginen gure multzoko aurkari handienetako bat den CD Pinsequeren aurka jokatzeko. Sentsazio onekin beteta, baina hain talde indartsuaren aurrean etxetik kanpo jokatzeak zekarren zailtasunaz jabetuta, abuztuaren hasieratik elkarrekin “ikasitako” guztia praktikan jartzeko gogoarekin egin genuen salto pistara.
Dani, Rivadulla, Eñaut, Zaldua eta Gorka hasierako bostekoarekin ekin genion norgehiagokari, eta lehen minutuaren barruan, Zalduak estrategiaz estreinatu zuen markagailua (0-1), urruneko jaurtiketa batekin asmatu ondoren. Lehen gol horrekin energia goraino beteta, ateko sake batean egindako lapurreta bati esker, Gorkak aldea handitu zuen 2. minutuan (0-2). Are gehiago, soilik 3 minutu geroago, Daniren sake luze bat Dylanen oinetara iritsi zen, aurkariaren area barrutik hirugarrena egiteko (0-3).
Horrela, ia konturatu gabe, oso tarte garrantzitsua islatzen zuen emaitzak. Hala ere, espero zen bezala, aurkariak ere asmatu egin zuen, eta bikain koordinatuta, gola sartu zuten gure arearen ertzetik (1-3), 12. minutuan. Aurrerago, atsedenaldirako 6 minuturen faltan, Beñik punteria handiarekin utzi zuen erabakita lehen zatia (1-4).
Aldageletatik itzuli ondoren, Danik, Beñik, Rivadullak, Zalduak eta Gorkak osatu zuten bigarren zatiko hasierako bostekoa. Lehen bi minutuetan, baloia barrura sartu zuen Gorkak, atzelaria gainditu, eta area barrutik atera jaurtitzeko biratu ostean (1-5). 1-5ekoarekin, Rivadullaren kanporaketarekin lortutako nagusitasuna aprobetxatu zuten etxekoek 2-5ekoa jartzeko. Etxekoentzat garrantzitsua izan zen bigarren hura sartzea; izan ere, ia hasieratik korrontearen aurka egin behar izan zuten igeri, azkarregi iritsi ziren aurkako gol horiengatik guztiengatik. Azkenik, amaierako txistua jotzeko 6 minutu falta zirenean, Alvarok seigarrena sartu zuen Unaxen zerbitzura, eta 24 segundora, aurkariaren hutsegite batek aukera ona sortu, eta behin betiko 2-7koa ipini zuen Beñik urruneko beste jaurtiketa batekin.
Ametsetako emaitza lortu genuen elkarren arteko lan onari esker. Gainera, kontuan hartu behar dugu Chuckyk ezin izan zuela jokatu zigortuta zegoelako, eta Ikerrek, Cecik eta Txikik ere ezin izan zutela parte hartu; lehen biak lesioagatik, eta azkenak, berriz, molestiak sentitu zituelako beroketan bertan. Era berean, ezinezkoa da kronika hau ixtea gure Dani hormaren eta Euskal Ligako Eñaut eta Unaxen partehartzea azpimarratu gabe, txandakatze guztietan lehen taldekoak balira bezala sartu baitziren jokora, eta bikain erantzun baitzuten.
Hurrengo erronkan murgilduta jada! GOOOOOOOOAZEN!!!!!
Argazkia: Adriana Fuste