Larunbatean Tafallara joan ginen Ligako hogeita seigarren jardunaldia jokatzera. Azken partidetan izandako dinamikaren ondorioz, jarrera positiboarekin bisitatu genuen liderraren pista. Hala ere, oso argi geneukan lan zaila izango zela nafarrak garaitzea, are gehiago eurentzat hirutik gehitzeak suposatzen zuena kontuan hartuta.

Horrela, Jorge, Eric, Oscar, Christian eta Chuky boskotearekin hasi genuen norgehiagoka. Ia lehen zati osoan jokoan berdintasuna egon arren, Iliasek sartu zuen arratsaldeko lehen gola 6. minutuan (0-1).

Markagailua alde genuela, eta etxekoek indarra hartzen zuten bitartean, erritmoa mozten saiatu ginen atezain jokalariarekin. Tafallakoek, ordea, atsedenaldirako minutu bat falta zela berdindu zuten norgehiagoka (1-1).

Aldageletatik itzuli ondoren, Jorge, Eric, Christian, Oscar eta Chukyk osatu zuten hasierako boskotea. Pixkanaka-pixkanaka, Leandrok zuzentzen dituenak zertxobait gehiago nagusitzen hasi ziren, eta, horren aurrean, erritmo altua mozten saiatu ginen berriro, 5eko jokoaren alde apustu eginez; izan ere, aurkaria deseroso samar sentitzen zen horrekin, eta nonbaitetik estutu beharra zegoen. Horrela, ondo eutsi, eta lehen 20 minutuetako berdintasuna mantentzea lortu genuen, baina, lapurreta bat aprobetxatuta, eskuin hegaletik trantsizio bat amaituz aurreratu ziren tafallarrak (2-1). Amaierarako 11 minutu luzeren faltan, atezain jokalariarekin arriskatzen jarraitu genuen.

Bizpahiru aukera oso garbien ondoren, eta etxeko atezaina oso lan garrantzitsua egiten ari zela, aurkariak partida erabakita utzi zuen segundo gutxiren faltan, bere zelaitik jaurtiketa bat eginda (3-1).

Porrota eta emaitza alde batera utzita, Jotak esan zigun pozik zegoela Nafarroako taldeari asko sufriarazi ziotelako eta, batez ere, alde handia nabaritu zelako lehen itzuliko neurketarekin alderatuta. “Lehiatu, eta irtenbideak bilatu ditugu 40 minututan zehar”, zioen gure entrenatzaileak. Beraz, positiboki baloratzen dugu larunbat arratsaldea. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Ibarratik taldea babestera joan ziren zaleei. Mundialak zarete! Azkenik, beste behin, Tafa FS zoriondu nahi dugu Ligako titulua lortzeagatik, baita txapelketa osoan egin duen ibilbideagatik ere.

Aurrera goaz! GOAZEN LAUBURU!!!!