Lauburu Ibarra Mahalak Asturiasko Siero taldea jasoko du larunbatean, arratsaldeko 16:00etan, Belabietan. Piparreroek talde oso lehiakorra izango dute aurrez aurre. Horrez gain, markagailuaren atzetik joan arren inoiz amore ematen ez duen horietakoa da talde asturiarra. Topaketa erakargarri bat dute aurretik Aitor Arévalok entrenatutako mutilek, beraz.
Ibartarrak baina 6 puntu gutxiagorekin, 12 puntu pilatzen dituzte bisitariek Ligako sailkapenean, 4 garaipen eta 3 porroten balantze batekin. Balantze horretan, 51 gol dituzte euren alde eta 40, berriz, kontra. Piparreroek, adliz, 6 garaipen eta porrota bakarra gehitzen dituzte orain arte, 47 gol euren alde eta 18 aurka dituztelarik.
Aurreko astean Gora Bilbaoren aurka Bizkaian jokatutako partida zuhurraren ondoren, ibartarrek intentsitate handiarekin entrenatu dute eta, ondorioz, euren bertsio lehiakorrena eskaintzeko gogoz arituko dira; 3 puntuak Ibarran geratu eta Ligako sailkapen estuan presioa eragiten jarraitzeko. Dena den, azken momentura arte, mister moreak ez du jakingo zenbat jokalariek jokatu ahal izango duten, lehen taldekoek molestia ugari baitituzte.
Entrenatzailearen hitzetan: “Pistako hiru laurdenetan zein pista erdian aldaketazko defentsa erabiltzen duen talde baten aurka arituko gara eta, beraz, baloia azkar mugitu eta jokoa lerro artean menderatu beharko dugu mina egin ahal izateko. Badakigu, euren 51 golek erakusten duten bezala, erasoan oso bertikala den talde bat dela. Ez zaigu kolpe trukea izango den partida bat interesatzen (euren emaitzek erakusten duten bezala) eta, horregatik, partida ondo kontrolatu beharko dugu garaipen aukerak ondo kokatuak izateko”.