BARCELONA LASSA SAILKATU DA LAS ROZASEKO FASE FINALERAKO
 
Pasa den asteburuan bizitutakoa oroitzapenean gordeko du familia moreak arrazoi desberdinengatik, eta Lauburu eguna da horietako bat. Burutu beharreko festa bat zen klubaren ustez, eta balorazio positiboa besterik ezin zaio egin pasatako egunaz. Herri bazkarian edota plazako puzgarriarekin gozatutako uneak kluba osatzen dugun guztien arteko elkartasuna ahalbidetu zuten, egun eguzkitsu eta bero batez lagunduta gainera.
Asteburu berean, Espainiako kadeteen txapelketaren barruan, Lehenengo Mailako hiru klubetako kadeteak jasoaz Belabieta galaz jantzi zen. Luxuzko kartela izan genuen etxean, eta gure borrokalariek hamaika gauzetan desberdintasun garbiak izanda ere, maila mantentzen eta torneoaz gozatzen saiatu nahi izan zuten. Euskadiko txapeldun bilakatu ostean ondo merezitako torneoa.
Mikel Raposoren mutilak ordea, ez ziren harrizko gonbidatu hutsak izatearekin konformatu eta meritu guztiarekin ezustekoa eman zuten torneoko errebelazio taldea bilakatuz. Lehenbizi, Zaragozako Sala 10 taldearen aurrean; moreek 2-0eko abantailarekin joan izanak ibartarrei irabazteko gogor lan egin behar zela argi erakutsi zuten. Aldageletatik bueltan aragoiarrek emaitza irauli eta 2-3ko emaitza justuagatik irabazi zuten, zoritxarrez, hauetako bi gol moreek ate propioan sartutakoak izan zirelarik.
 
Haserre-malko horiek, arratsaldeko norgehiagokari aurre egiteko konfiantza eta irabazteko sena bihurtu behar zuten. Ribera de Navarra taldea, Barça, torneoko menderatzailearen aurrean erori zen, baina ez zuen hutsean itzuli nahi etxera eta Ibarrakoa garaitzeko moduko taldea zela ikusi zuten. Alabaina, Mikel Raposoren mutilak ere, oraingoan zuriz jantzita, goizeko norgehiagoka modu horretan galdu ostean, ez zeuden bere aukera galtzeko prest.
 
Fisiko aldetik norgehiagoka oso paretsu joan zen. Tuterako taldea aurreratu zen, baina Ibarrakoek berdinketa lortu zuten, harmailak dar-dar batean jarriz. Handik penaltietara joan ziren eta aurkariak ez bezala, talde moreak lehenengo bi tiroetan asmatu ostean, torneoko lehenbiziko puntua lortu zuen eta ondorioz hirugarren postua.
 
Igande goizean kantera indartsuenetako baten aurrean jartzea tokatzen zen; areto futbolean modu profesionalean jokatzen duen Barcelona Lassa, azken hamarkadan azpiko kategorietan jokoan dauden titulu gehienen jabe den taldea. Ezaugarri honek zein kirol honetan erkidegoen artean dauden desberdintasunak eta asteburuan pilatutako nekeak azkenik, norgehiagoka 1-14eko emaitzarekin amaitzea eragin zuen. Hala ere, emaitza honek ez du ilundu behar torneoaren balorazioa inondik inora. Zorionak ematen dizkiogu irabazleari, bere nagusitasunaz ohartuz, baina aldi berean, formakuntza aldetik lortu dugun esperientziaz ere, ederki gozatu dugula jakinda; egun eta erdian bi denboraldi oso jokatzea bezalakoa izan baita.
Gure zaleak ere zoriondu nahi ditugu baldintzarik gabeko babesa eskaintzeagatik; kanpoko jarraitzaileak, erakutsitako jokabide bikainagatik; bertaratutako klubei gure miresmen eta errespetua, eta guk haiei eskainitako tratua onena izatea espero izan dugu; Epaileen Gipuzkoako Komiteari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, ekimenaren zabalkuntzan jarritako bitarteko guztiengatik; Aitor Arevalo, Aitor Andres eta Miguel Conde klubeko hiru teknikoei torneo guztian zehar dena bere tokian egon zedin lanean aritu direlako; eta infantil taldeko txikienei pistako laguntzaile lanetan jarritako disziplina eta erakutsitako irudiagatik ere bai.
 
Klubetik saiatu gara ekimen honi gure esku dauden baliabide onenak jartzen, hala nola, partidu guztiei Twitter bidez difusioa emanez, guztiak grabatu eta Youtubeko gure kanalera igoaz, etab. talde desberdinetako zaleek ikus dezaten nahi duten guztietan. Guztiak gustura uzten saiatu gara eta lortu izana espero dugu. Mila esker guztiei.